Itzuli dira herritarrak Baztartxo antzokira

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 8a, 08:00

Edukieraren %30arekin zabaldu ditu ateak Baztartxo antzokiak. 'Invisibles' filma ikusteko herritar ugari bertaratu da lehen asteburuan antzokira.

Ostiralean itzuli ziren film emanaldiak Baztartxo antzokira, eta zapatuan zein atzo, igandea, Invisibles filma eskaini zuten. Ateak ireki dituen Gipuzkoako lehen zinema aretoa izan da Baztartxo. Gaur, astelehenera ikuslearen eguna da eta azkenekoz eskainiko dute filma. Antzokiak edukieraren %30arekin ireki ditu ateak lehen asteburuan, hau da, gehienez 180 lagunek izan dute sarbidea aretora emanaldi bakoitzean; datorren asteburutik aurrera, berriz, edukieraren %60an zabaldu ahalko da Baztartxo.

Hainbat ikus-entzule bertaratu zen atzo Baztartxora, eta hainbat neurri hartu behar izan zituzten aretora sartu aurretik eta areto barruan. Maskara jantzita sartu ziren herritarrak Baztartxora; askok, gainera, eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu zituen aretora sartu aurretik.

Antzokira sartzeko markatutako distantziak gorde behar izan zituzten ikus-entzuleek. Baztartxora sartutakoan, arduradun batek azaldu zien ikus-entzuleei zein lekutan eseri behar zuten, eta hark lagundu zien eserlekuraino. Horrez gain, ikus-entzule edo talde bakoitzaren alde banatan eserleku bateko tartea gorde behar izan zuten. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide