Ostiralean, ekainak 5, zabalduko ditu ateak berriz ere Baztartxo antzokiak. Martxoaren 13an itxi zituen Azkoitiko Udalak udal eraikinak eta instalazioak koronabirusagatik, tartean Baztartxo antzokia. Ia hiru hilabeteren ondoren, filmak ematen hasiko dira berriz ere herriko antzokian.
Antzokiak edukieraren %30arekin irekiko ditu ateak lehen asteburuan, hau da, gehienez 180 lagunek izango dute sarbidea aretora; hilaren 12tik aurrera, berriz, edukieraren erdiarekin zabalduko dute Baztartxo.
Hainbat neurri hartu beharko dira bai aretora sartu aurretik eta bai aretoan bertan. Batetik, maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da Baztartxon, eta aretora sartu aurretik gel hidroalkoholikoarekin garbitu beharko dira eskuak; sarreran bertan jarriko dute gela.
Gainera, antzokira sartzeko markatutako distantziak gorde beharko dira. Arduradun batek azalduko die ikus-entzuleei non eseri beharko duten, eta hark lekuraino lagunduko die. Horrez gain, ikus-entzule edo talde bakoitzaren alde banatan eserleku bateko tartea gorde beharko da. Ilarak ere tartekatu beharko dira bai aurretik eta bai atzetik.
Segurtasun neurriak behar bezala bete ahal izateko, denbora beharko dutela azaldu dute arduradunek, eta horregatik Baztartxora garaiz joateko eskatu diete ikus-entzuleei.
Invisibles, lehen filma itzuleran
Koronabirus gaitzaren agerpenaren ondoren, ostiralean emango dute lehen filma Baztartxo antzokian. Invisibles filma eskainiko dute ostiraletik astelehenera bitartean. Ostiralean eta zapatuan 22:00etan, igandean 19:30ean eta astelehenean —ikuslearen eguna— 20:00etan eskainiko dute filma.
Ez da izango ekaineko film bakarra, ordea. Invisibles filmaren ondoren, ekainaren 12tik 15era Harriet en busca de la libertad filma emango dute, Especiales filma ekainaren 19tik 22ra eta Lo mejor está por llegar ekainaren 26tik 29ra.