Bakarkako bere lehen diskoa aurkeztu du Xabier Bastidak

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 1a, 11:40

'Ilunpean arnas hotsa entzuten' diskoaren azala.

Abaunz sinadurapean, Ilunpean arnas hotsa entzuten izeneko diskoa kaleratu du Bastidak. Euskarazko zortzi abestiz osatuta dago bilduma digitala.

Ilunpean arnas hotsa entzuten izeneko diskoa kaleratu berri du Xabier Bastida azkoitiarrak. Abaunz izen artistikoarekin ezagutarazi du bere lehen bakarkako lana. Masterizazioa Pheek estudioarekin egin du, eta diseinua, berriz, One Day Vacation-en eskutik.

Lanaren diskoetxeak honela deskribatu du artistaren lana: "Abaunz mendiz inguratutako paisaia malkartsu batean bizi da. Inguru paregabe honek izan lezake nolabaiteko zerikusia diskoa atera izanarekin: gordina eta ederra, konplexua baina murritza". "Lan hau hiriaren kanpoaldeko egunsenti iraunkor batean girotuta dago, non itzalak eta argiak begia eta adimena engainatzen dituzten. Ahotsak itzulinguruka dabiltza abestietan, eta gaueko misterioetan barrena bideratzen dute entzunaldia".

Kanta hauek entzun daitezke bilduma digitalean: Zikintasuna hurbiltzen; Gustoa zaude; Gezurra zarete; Burua bueltaka; Eraikuntza berriak posible izateko; Bakarrik esaten, ez dakit sinisten; eta Hegoekira begira (egoera mentala Azkoitti remixe). Hemen abesti guztiak osorik entzuteko esteka.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide