Correosek ordutegi murriztua izan du azken asteetan COVID-19 gaitza dela eta, baina bihartik aurrera ohiko ordutegia berreskuratuko dute Azkoitiko bulegoan eta beste hainbatetan. Beraz, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era egongo da zabalik bulegoa; zapatuetan, aldiz, 09:30etik 13:00etara izango da Correosen ordutegia. Horrez gain, astearteetan eta ostegunetan arratsaldeetan ere irekiko dute, 18:00etatik 20:00etara.
Erakundeak adierazi duenez, uztailaren 12an egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan posta bidezko botoa ematea erraztu asmoz hartu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bulegoetako ordutegiak zabaltzeko erabakia. Gainera, hiru herrialde horietako hainbat bulegotan leihatila bereziak ezarriko dituzte posta bidezko botoa emateko.