Astelehenean zabalduko dute Aizkibel liburutegia, zerbitzua murriztuta

Maxixatzen.eus

Maileguak aurrez eskatutako materiala jasotzeko bakarrik eta txanda aldez aurretik hartuta egingo dira. Liburutegiaren ordutegia 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara izango da, astelehenetik ostiralera.

Koronabirusa dela-eta itxita egon da azken hilabeteetan Aizkibel liburutegia, baina astelehenean, hilak 1, herritarrentzat zabalik egongo da berriro, zerbitzua murriztuta bada ere. 

Ordutegiari dagokionez, astelehenetik ostiralera zabalduko dute liburutegia, 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara. Maileguak aurretik eskatutako materiala jasotzeko bakarrik egingo dira, eta liburuak jasotzeko txanda aldez aurretik hartu beharko da. Maileguak telefonoz (943-85 08 98), posta elektronikoz liburutegia@azkoitia.eus, edo mailegu eskaeraren bidez egin daitezke, eta eskaera egiterakoan bazkidearen izen-abizenak eta txartel zenbakia zehaztu beharko dira.

Pertsona bakoitzak hiru liburu edo aldizkari eta hiru disko edo DVD mailegatu ahalko ditu aldiro; liburuak eta aldizkariak mailegatzeko gehienezko iraupena hiru astekoa izango da, eta diskoak eta DVDak, aste batez eduki ahal izango dira etxean. Aizkibel liburutegiko kideek nabarmendu dutenez, liburutegira itzulitako materiala bi astez gordeta egongo da, eta epe hori pasatu arte ezingo da material hori berriro mailegatu.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide