Azkoitiko Bulego musika taldeak, Azkoitiko Udalarekin elkarlanean, kontzertua emango du ekainaren 20an, 19:30ean Oteiza pilotalekuetan eta sarrerak bihar, ostirala, jarriko dituzte saltzen. Tta-kun tabernan, Eguzki belar-dendan, Abarkazale oinetako dendan eta Beloki harategian jarriko dituzte salgai, 20 euroren truke.
Koronabirusa dela eta, musika taldeak segurtasun neurri guztiak betetzeko plangintza zehatz bat landu du, Donostiako Jazzaldia erreferentzia hartuta. Protokoloak aurreikusten duenez, ikus-entzule bakoitzari eremu edo espazio bat emango zaio distantziak errespetatu ahal izateko. Hori horrela, sarrerak espazio edo eremu bezala banatuko dituzte.
Sarrerak espazio bezala
Sarrera bakoitzak eremu jakin bat erabiltzeko aukera emango dio ikus-entzuleari. Sarrerak aurrez 20 euroan eskuratu ahalko dira, baina sarrera horrekin batera erosiko den espazioan edo eremuan bi lagunek sartzeko aukera izango dute.
Kontzertuaren egunean, ekainaren 20an, publikoa bere tokia hartzen joango da iritsi ahala eta ordena horretan. Sarrerak egunean bertan ere erosteko aukera ere egongo da, 24 eurotan.