Azkoitiko Udalak "kontrol eta baimenik gabeko" zabortegi bat duela salatu du EH Bilduk. Hain zuzen ere, Azkoitiko koalizioak jakinarazi duenez, Izarre-Jandalo baserriaren ondoan dago kokatuta zabortegi deitu dutena, eta horren berri joan zen ostiralean herritar baten bidez jakin zuten. EH Bilduren arabera, urteetan "trastez gainezka" egon da gunea, baina azken bi asteetan gunearen zati handi bat "hustu" egin dute. "Herritarrak azaldu zigunez, udal brigadako langileak ikusi izan ditu bertan lanean".
Joan zen ostiralean Izarre-Jandalo baserriaren ondora joan ziren EH Bilduko kide hainbat, eta horiek azaldu dutenez, Udaltzaingoari deitu zioten "han aurkitu" zutenaren gaineko txostena egin zezan. Izan ere, haien arabera, obra hondakinak, neumatikoak, plastikoak, metalak, materia organikoa eta abar ikus zitezkeen han. Astelehenean, berriz, udaleko Hirigintza Sailera jo zuten: "Zabortegiak eduki beharko lituzkeen baimenak eta ingurumen txostenak eskatu genituen, baina ezer ez dagoela esan ziguten".
Koalizioak jakinarazi duenez, zabortegi moduan erabili den lur eremuak ez du inolako itxiturarik, ezta segurtasun neurririk ere, eta horrek "sekulako kontrol falta eta ingurumen arriskua" dakarrela salatu du. Horren harira, hainbat galdera egin dizkio Azkoitiko EH Bilduk Udal Gobernuari: "Non daude zabortegi hori martxan eduki ahal izateko baimenak? Nork kontrolatzen du zer eta nola botatzen den bertara? Ingurumena errespetatzeko zein berme ditu zabortegi horrek? Urteetan beteta egon ostean, zergatik orain guztia bi astean hustu? Bertan zegoen zaborra nora eraman da?".