Azkoitiko Bulego musika taldeak kontzertua emango du ekainaren 20an, Oteiza pilotalekuetan, aire zabalean; 19:30ean hasiko da. "Herritarrok, osasuna erdigunean jarrita, ardura eta elkartasuna erakutsi ditugu arlo guztietan. Azkoitiko herriak bere bizipoza berreskuratu nahi du, eta horretarako pausoak pixkanaka eta segurtasunez eman behar ditugu", azaldu du Bulego taldeak. Herria berpizten lelopean, Udalak lagundutako kontzertua eskainiko du Azkoitiko taldeak.
Bulego taldeak ekarpen propioa egin nahi du: "Garai zailak bizitzea suertatu zaigun arren, etorkizunera begira jarrita gaude azken egunotan. Kontzertu bat egiteaz haratago, herria berpizten hastea da gure helburua, eta horretarako ekitaldi nagusia kontzertua izango den arren, herriko zenbait sektoreri bultzada emateko helburua daukagu". Nahiz eta oraindik ez duten zehaztu sarrerak salgai non eta noiz jarriko dituzten, taldearen asmoa da herriko saltokietan salgai jartzea. Komertzio txikia, sortzaileak, kultur ekitaldien bueltako langileak eta bolondresak "animatu" nahi dituzte ekimen honekin. "Kultura, egoerak dakartzan traba guztien gainetik, azkoitiarrok bizirik mantendu dugu eta orain aurrerako bidean, beste pauso bat ematea tokatzen zaigu", gaineratu du taldeak. Halaber, itxialdian herrian musika jarri duten hainbat musikarik ere parte hartuko dute kontertuan DJ modura: Munizzio, Xabifest eta Elortxa.
Udalak, bestalde, azaldu du "bete-betean" egiten duela bat proiektuaren mezuarekin eta helburuarekin; "eskuzabal" hartu du proposamena. "Oso ideia polita dela uste dugu eta Bulego taldeari eskertuta gaude ekarpenagatik. Egoera ez da samurra, eta uste dut indarrak batzeko balioko digula horrelako ekimen batek. Udalak baliabideak eta azpiegiturak ipiniko ditu", azaldu du Sonia Vazquez Kultura zinegotziak.
Neurriak eta guneak
Donostiako Jazzaldia hartu dute "erreferentzia" gisa Azkoitiko musika taldeak eta Azkoitiko Udalak, "kultura ekitaldi segurua" eskaintzeko. Azaldu dutenez, segurtasuna bermatzeko plangintza ere "xehetasun osoz" landu du Bulego taldeak. Aurreratu dute ekitaldiak 200 pertsonako edukiera izango lukela. "Ekainean hirugarren fasean egongo gara, eta estatuko planak atzerapausorik ematen ez badu, 800 pertsonako ekitaldiak onartuta egongo dira baldintza espezifikoekin".
Bulego taldeak bost gune aurreikusi ditu Oteiza pilotalekuetan eta gune bakoitzak kolore bat izango du; gainera, publikoaren espazio fisikoa mugatuko dute ekitaldiaren hasieratik amaierara arte; ikusle bakoitzak espazio bat izango du, alegia, eta horri lotuta taldeak espazio moduan salduko ditu sarrerak. Espazio bakoitzean bi pertsonak egon ahalko dute, etxe berekoek, egungo egoeran legeak horrela zehazten duelako. Aurrez 20 euroan erosi ahalko da espazio edo sarrera bakoitza. Kontzertu egunean bertan, berriz, 24 euroan.
"Sarreran laguntzaile batek espazio bakoitzaren erabiltzaileari bere tokia zein den azalduko dio eta bertaraino lagundu. Koordinatzaile talde bereziak sortuko dira segurtasun neurri guztiak betetzeko protokolo zorrotz bati jarraituz", azaldu dute. Edonola ere, adierazi dute "unean uneko egoerak erakutsiko" duela zer egokitu.