Gaurtik aurrera eska dezakete kulturgintzako langileek Eusko Jaurlaritzaren laguntza

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 12a, 10:43

Eusko Jaurlaritzak zozketa bidez erabakiko du kulturgintzako langileei laguntzak zein ordenatan emango dizkien. Baldintzak betetzen dituztenei, 950 euro eta 1.200 euro arteko laguntza bakarra emango diete.

Eusko Jaurlaritzak joan zen apirilaren 15ean iragarri zuen moduan, 2,5 milioi euro bideratuko ditu koronabirusaren ondorioz diru sarrerarik gabe geratu diren kulturgintzako langileentzat. Atzo, astelehena, dirulaguntza horien inguruko xehetasunak argitaratu zituen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA), eta bertan zehazten denez, zozketa bidez erabakiko dute zer ordenatan aztertuko dituzten eskariak. Zozketa horretan zenbaki bat hautatuko dute, eta eskabideak ordena horretan aztertuko dituzte, funtsak agortzen diren arte.

Kulturgintzako langileek gaurtik aurrera egin ditzakete eskariak, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez, eta hamar egun izango dute eskaera egiteko. Dirulaguntzaren onuradun izateko hainbat baldintza bete beharko dituzte kulturgintzako profesionalek; besteak beste, lanbide-jardueran norberaren edo beste baten kontura aritzea eta lanbide-jarduera kontratatuta eduki eta hura eten edo bertan behera geratu izana alarma egoera deklaratu ondoren. Horrez gain, eskatzaileek frogatu beharko dute kulturaren arloan egiten dutela lan; hau da, diru sarreren %60, gutxienez, jarduera horietatik jasotzen dutela. Honako lotura honetan irakur daiteke dirulaguntzaren ebazpena, osorik. 

Gutxienez 950 eurokoa, eta gehienez, 1.200 eurokoa izango da oinarrizko errenta eta laguntza ordainketa bakarrean emango dute. Dirulaguntzaren zenbatekoa, berriz, aurreko urteetako errenta aitorpenaren arabera kalkulatuko dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide