Azkarateko hondakin gunea

Azkarateko hondakin guneari buruzko eztabaida "bigarren aldiz ukatu" izana salatu du EH Bilduk

Maxixatzen.eus 2020ko api. 28a, 16:43

Hondakin gunea eraiki nahi duten gunea.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan egin du eskaerak koalizio abertzaleak, eta bigarren aldiz salatu du "EAJren jarrera". EH Bilduren arabera, Azkarateko hondakin guneak ez du "presazko izaera" jeltzaleentzat.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan Azkarateko hondakin guneari buruzko eztabaida "bigarren aldiz ukatu" dutela salatu du EH Bilduk. Koalizioak azaldu du alarma-egoeran epe administratiboak eta Batzar Nagusien ohiko jarduna "etenda" daudela, baina Jaurlaritzak "ohi baino azkarrago" eman diola argi berdea Azkoitian egin nahi den hondakin guneari.

EH Bilduk maiatzaren 6ko Batzar Nagusietan "azalpenak eskatzeko eskaera" egin zuela jakinarazi du, baina koalizioak azaldu du eztabaida atzera bota duela EAJk, "presazko izaera ez dagoela argudiatuta". Apirilaren 30eko ezohiko osoko bilkurarako ez zuten onartu koalizioak egindako eskaera. EH Bilduk azaldu du, "COVID-19arekin lotutako gaiak" bakarrik eztabaidatu behar zituztela adierazita atzera bota zutela eztabaida.

Maiatzaren 6ko ohiko osoko bilkurarako berriz egin du eskaria EH Bilduk, baina jakinarazi du kanpoan utzi dutela eskaera. Koalizioak azaldu du EAJren iritziz, gaia ez dela "presazkoa". Era berean, EH Bilduk esan du EAJren "gardentasun falta agerian" gelditu dela. "Ez da eztabaidatu nahi, baina baimenek aurrera egiten dute", azaldu du koalizioak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide