Gurasos plataformak biharko, igandea, deitu duen Arriskua airetik dator egitasmoarekin bat egin dute Azkarate Garbi plataformak eta Azkarate Garbi auzotarren taldeak. Hain zuzen ere, bihar, 12:00etan, balkoietan zerbait beltza jartzeko eta sirena pizteko edo lapikoak jotzeko deia egin du Gurasosek, eta Azkarateko hondakinen plantaren afera tarteko, Azkoitiko bi taldeek ere bat egin dute.
Gurasosek azaldu duenez, 1937ko apirilaren 26an sirena hotsak jo zuen Gernikan, eta Txernobilen 1986an. Bihar, apirilaren 26a izango denez, sirenak "kutsaduraren pandemiaren alerta emateko" entzungo direla azaldu du taldeak. "Kutsaduraren eraginez, urtero 40.000 lagun hiltzen dira Espainiako estatuan, eta 2.500 Euskal Herrian. Zientzialarien arabera, kutsadurak nabarmen areagotzen du COVID-19aren hilkortasuna eta zabalpena", jakinarazi du Gurasosek Harvard Unibertsitatean egindako ikerketa baten emaitzak oinarri hartuta.
Azkarate Garbi auzotarrek ere ildo beretik hitz egin dute, kutsadura gaur egungo "arriskurik handienetakoa" dela esanda. Eta "hainbat ikerketek ere horrela nabarmentzen dute", haien arabera. "Ingurunea ez ezik, bertan bizi garenok ere kutsatzen gaitu, horrek ondorio larriak ditu osasunean eta bizi kalitatean". Azkoitia Garbi auzotarren taldeak COVID-19a eta Azkaraten egin nahi duten hondakinen gunea direla eta, biharko egitasmoan parte hartzeko deia egin die herritarrei.
Hona hemen, biharko deialdirako egin duten bideoa: