Eusko Jaularitzaren Ingurumen Sailak arau subsidiarioak aldatzeko beharrezkoa den ingurumen-adierazpen estrategikoa eman dio Azkoitiko Udalari. Atzoko Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratu zuten ebazpena. Baimen hori tarteko, udalak dagoeneko egin dezake Larke 360 enpresak Azkaraten eraiki nahi duen hondakinen gunea kokatuko den lurren kalifikazio aldaketa; izan ere, aldaketak egitea udalaren eskumena bada ere, adituen txostenak behar izaten dira arau subsidiarioak aldatu ahal izateko.
Azken fasean dira, izatez, Azkoitiko Hiri Antolaketarako Araudiaren aldaketak. Udalbatza desegin eta udal hauteskundeak egin baino hilabete lehenago, 2019ko apirilaren 24an, egindako udalbatzarrean onartu zuten behin-behinean Azkoitiko Hiri Antolaketarako araudiaren laugarren aldaketa zehatza egitea (EAJk, PSE-EEk eta Azkoitia Baik aldeko boza eman zuten, eta EH Bilduk kontrakoa —bideo honetan ikus daiteke—). Urriaren 16an, berriz, jendaurrean jarri zituzten aldaketa proposamenak, alegazioetarako epea zabaltzearekin batera. Arau subsidiarioen hiru atalen —San Martin, San Juan eta Basarte— berrikuspenari behin betiko onarpena, berriz, azaroaren 27ko udalbatzarrean eman zioten (aho batez onartu zuten —bideo honetan ikus daiteke—).
Dena den, udalaren esku dago aldaketa horiek egin edo ez erabakitzea, eta udalbatzar batean egin beharko dute horren inguruko bozketa. Javier Zubizarreta alkateak joan zen astean adierazi zuenez, baina, ez ditu arauak aldatuko “denen adostasunik ez bada”.
Larke 360 enpresak dagoeneko jaso du Azkarate gainean eraiki nahi duen hondakin ez arriskutsuen planta egokitzeko Eusko Jaurlaritzaren baimena ere. Hain zuzen ere, apirilaren 7ko Agintaritza Aldizkarian argitaratu zuten baimen horren ebazpena. Dena den, baimenaz haratago, Hirigintza Plana aldatu beharra dago eremu horretan gunea egokitzeko; izan ere, gaur egun indarrean den Azkoitiko Hirigintza Planaren arabera, Azkarate gaineko lur horiek ez dira urbanizagarriak.
Ez dira, ordea, lur horiek soilik jasotzen 2007tik indarrean diren arau subsidiarioen aldaketetan. Hainbat eremutako lurren izendapen aldaketa egitea zehatz dago jasota, hala nola San Juan, Basarte, San Martin eta Izarrejandalo eremuetan. Gainera, Agintaritzaren Aldizkariko ebazpeneko lehen puntuko azken zatian lur urbanizaezinen antolamendua berrikustea aipatzen da, eta beste lur batzuekin batera, atal horretan sartzen dira Azkarateko lurrak, baina ez daude zehaztuta horiek zeintzuk diren.