Azkoitiko Udalak gezurtatu egin du azken orduetan Azkarateko birziklatze plantaren inguruan sare sozialetan zabaldu den mezua; mezua "informazio faltsua" dela adierazi du. Halaber, udalak "irmoki gezurtatu" du edukia. Izan ere, udalak gezurtatu duen mezuan azaltzen zen Azkoitiko Udalak bihar udaletxean egin behar duten Hirigintza Batzordean onartuko dutela Azkarateko proiektua.
Udalak jakinarazi du biharko Hirigintza Batzordearen gai ordenan birziklatze plantari buruzko puntu bakarra dutela aurreikusita. Biharko Hirigintza Batzordea baliatuko dute hainbat azalpen emateko. Adierazi du gerta daitekeela alde guztien arteko adostasunik ez izatea, eta horrela bada, "proiektuari jarraipenik ez emateko eta bideragarria ez izateko" pausoak zein diren azalduko dituzte.
Udalak biharko Hirigintza Batzordera deitu zituen Azkarate Garbi Plataforma eta Azkarate Garbi Auzotarrak. "Bilerara deitu genituen pentsatuz bilera aurreratzea nahiago izango zutela, alarma egoera amaitu arte zain egotea baino", azaldu du udalak. Halere, esan du bi taldeek "ezezkoa" eman zutela. Udalak bi taldeei segurtasun neurri guztiak "bermatuta" izango zituztela adierazi zieten arren, bilera konfinamendua amaitu ondorenerako "atzeratzea" eskatu dutela jakinarazi du. Udalak adierazi du ez duela baztertzen diligentziak hastea buloaren nondik norakoak argitzeko.