Koronabirusak gogor kolpatu ditu merkataritza eta ostalaritza sektoreak, eta "egoeraren larritasuna arintzeko, Azkoitiko Udalak hainbat neurri hartu ditu. Udalak azaldu duenez, Herrixen merkatari elkarteak kontsumitzaileen eta bezeroen laguntza eskatu du "komertzioak bizirautea" nahi bada.
Neurri horien artean, udalak erabaki du 1.000 erosketa bonu banatzea. Bonu bakoitza 20 eurotan erosi ahalko du herritarrak eta 30 eurogatik trukatu dendetan, tabernetan zein jatetxeetan. Beraz, 10 euroko gehigarria lortuko du bezeroak bonu bakoitza trukatuta.
Dendek eta tabernek ateak zabaltzen dituztenerako, bonu kanpaina prestatzen ari dela azaldu du udalak. Oraindik ez dute zehaztu bonuak noiz, non eta nola banatuko dituzten, baina xehetasun gehiago Herrixen elkartearekin batera "aurrerago" jakinaraziko dituztela adierazi du udalak.
Zabor eta terraza tasak
Zabor eta terraza tasetan laguntzak izango dituzte merkatariek eta ostalariek. 2020ko bigarren hiruhileko zaborraren tasari dagokionez, lokal hutsen tasa kobratuko zaie itxita dauden establezimenduei, eta ez aktibitate jarduerarengatik dagokiena.
Terrazen kasuan, berriz, ostalariek ez dute tasarik ordainduko terrazak ixteko agindua duten bitartean. Administrazioak automatikoki aplikatuko ditu aldaketak horien tasetan, eta ez da beharrezkoa izango eskaera berezirik egitea.