Azkaraten hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko gunea egiteko proiektuak kezka eragin du herrian, eta hainbat eragilek eta herritarrek egindako presioaren ondorioz, Javier Zubizarreta alkateak ohar bat kaleratu zuen joan den ostiralean. Han zioenez, besteak beste, "denen adostasunik ez bada, ez da obra hondakinen birziklapen plantarik eraikiko". Azkarate Garbi auzotarrak plataformako kideek "jarrera aldaketa" ikusi dute Zubizarretaren adierazpen horietan, eta berri ontzat jo dute hori, baina uste dute alkatearen esanak "zuhurtziaz" hartu beharra dagoela, "orain arteko ekintzek eta kontraesanez betetako adierazpenak beste helburu bat" zutelako.
Azkarate Garbi auzotarrak plataformako kideen arabera, "udalaren lana herritarren interesak denfendatzea eta ongizatea bermatzea da", eta garbi daukate horrelako gune bat jartzeak "onurak beharrean kalteak" ekarriko lituzkeela. "Gure etorkizuna dago jokoan, gure ingurunea, osasuna eta bizi kalitatea. Beraz, eskatutako bilera egitea onartu bada ere, alkateari posizionamendu eta jarrera garbi bat har dezan eskatu nahi diogu".
Auzotarren plataformako kideen irudiko, "garbi ikusi da herrian adostasun osorik ez dagoela" Azkaraten eraiki nahi duten gunearen inguruan. Hori horrela, "alkateak eta haren alderdiak proiektua bertan behera gelditzen dela publikoki adieraz dezaten nahi dugu". Hori gertatzen ez den bitartean, borrokan jarraituko dutela ohartarazi dute auzotarrek.
Bukatzeko, auzotarren plaformako kideek eskerrak eman dizkiete herritarrek osatzen duten Azkarate Garbi plataformako kideei eta gainontzeko herritarrei, alkatearen jarrera aldaketa ez zatekeelako posible izango haien laguntzarik gabe. "Egunero herri osoan entzun dira lapiko-jotzeak, eta horrek garbi erakusten du Azkoitiko gainerako herritarrek ere Azkarate garbi nahi dutela, hondakinik gabe".