Azkaraten hondakin ez arriskutsuentzako planta egiteko asmoak hautsak harrotzen jarraitzen du herrian. Atzo, gaiaren inguruan hitz egiteko udaleko bozeramaileen batzordea bildu zen, eta jorratutakoen inguruko iritzia plazaratu du gaur, larunbata, EH Bilduk. Koalizioak baikortzat jo hondakinen gunearen inguruan teknikariz, politikariz eta herritarrez osatutako batzorde bat sortzeko alkateak egindako proposamena, beti delako herritarren parte hartze zuzenaren aldekoa. "Iruditzen zaigu parte hartzea garrantzitsua dela, herritarrek beren iritziak emateko espazioak antolatu behar dira eta han erabakitakoa kontuan hartzea ezinbestekoa dela".
EH Bildu, bere aldetik, prest legoke batzorde horretan parte hartzeko, "beti ere, prozesu parte hartzaile erreal bat aurrera eramateko baldintzak betetzen badira", eta aurreratu du, zabor planta ez egitearen alde egingo duela batzorde horretan. Bi arrazoi eman ditu horretarako: "Alde batetik, arau subsidiarioak interes pribatuen alde aldatzearen aurka gaudelako; eta bestetik, horrelako planta pribatu bat egiteak zaborren betiko kudeaketa ereduan sakontzen duelako, izan ere, esku pribatuetan egoteak kontrol eraginkorraren falta ekar dezake". Proiektuaren bigarren faseaz ezer ez jakiteak "mesfidantza eta ezinegona" sortzen dizkiola ere gaineratu du.
EH Bilduk adierazi du Azkaraten egin nahi duten planta ez duela babestuko, zaborren kuadeaketa esku pribatuetan egotearen aurka dagoelako, "herritar askorekin batera". Eta galdetu du ez al den errazagoa gunea egiteko proiektua bertan behera uzteko konpromisoa orain hartzea, herritarrak lasaiago egon daitezen.
Horrez gain, udalari eskatu dio ikuskaritza egiteko "ustez" Azkaraten egiten ari diren lanen inguruan, eta baita ikuskaritza hori ahalik eta azkarren egiteko ere. "Larrialdi egoera aitzakiatzat jartzeak ez digu balio, teknikari edo udaltzainek argazkiak atera eta lehenengo begizko ikuskaritza egitera bidal ditzazkegu".
Koalizioaren ustetan, hondakin gunearekin amaitzeko "aurrera pauso handia" eman da azken egunoetan, baina, hala ere, "ezin gara gaiarekin ahaztu, eta bidea egiten jarraitu behar dugu, lanean etenik gabe, asko baitago egiteko".
EH Bilduk herritarrei zuzendutako honako bideo honetan azaldu du hondakinen gunean inguruan duen jarrera.