Azkarateko hondakin gunea

Hondakinen plantaren aurkako lapiko-jotzeak ostegunetara mugatzeko eskatu du Azkarate Garbi plataformak

Maxixatzen.eus 2020ko api. 18a, 10:18

Javier Zubizarreta alkateak atzo, ostirala, egindako adierazpenek "inflexio puntu bat" ezarri dutela adierazi du Azkarate Garbi plataformak, eta lapiko-jotzea ostegunetan soilik egin dadin eskatu die herritarrei.

Azkarateko hondakinen plantaren inguruan Javier Zubizarreta alkateak egindako adierazpenek oihartzuna izan dute. Azkarate Garbi plataformak adierazi duenez, Zubizarretaren hitzek "inflexio puntu bat" eragin dute udalaren jarreran, bertan alkateak azaltzen baitu "denon adostasunik gabe" eta "kontsentsu globalik gabe" ez dela hondakinen plantarik eraikiko Azkaraten.

Gauzak horrela, Azkarate Garbik azaldu alkatearen jarreraren aldaketa "baikorra" izan dela, eta horren aurrean herrian egunero egin ohi den lapiko-jotzeak mugatzeko eskatu dute. Hain zuzen ere, lapiko-jotzea egunero egin ordez, ostegunetan soilik egin dadin eskatu dute plataformako kideek, ohiko orduan, 21:00etan. Ildo horretatik, herritarrei dei egin diete egun horretan beraien "kezka eta haserrea" erakustera balkoira atera daitezen.

Hondakinen plantaren arazoa, ordea, oraindik ez dela amaitu nabarmendu dute plataformako kideek: "Arazoa bideratzen hasia dela ematen duen arren, ez da oraindik ezer konpondu. Beraz, arriskuak jarraitzen du eta erne gaude. Egoera desbideratuko balitz ekimen berriak proposatu beharrean aurkituko ginateke". Era berean, lapiko-jotzeek izan duten eragina azpimarratu dute: "Ez dugu zalantzarik, herri mugimenduak eta 21:00etako lapiko-jotzeak eragina izan dutela alkatearen jarrera aldaketan. Herri osoan oihartzun handiko ekimena izanik, herritarren lorpena izan da lehenengo pausu hau emanaraztea."

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide