Odol emaileen elkartekoak
Luis Arregi, Rikardo Iriondo, Salome Narbaiza, Juanjo Ruiz de Azua eta Mikel Arregi dira Azkoitiko odol emaileen ateraldiak antolatzen dituzten herritarrak; Azoka Plazan dute lokala. Medikuak eta erizainak heldu baino lehen heltzen da boskotea lokalera, eta prestaketa lanetan hasten dira buru-belarri. Medikuak heltzen direnean, berriz, ateraldirako gauzak prestatzen laguntzen diete horiei, eta ateraldia amaitutakoan guztia desmuntatzen ere laguntzen diete.
Itxaron gelan
Hiru astetik behin egiten dute odol ateraldia Azkoitian, eta ehun bat pertsona inguru joaten dira odola ateratzera ateraldi bakoitzean, Luis Arregiren arabera. Arregi bera da hitzorduak kudeatzen dituena, eta emaile bakoitzari ordu bat ematen dio egun horretan. Hainbatek telefonoz hitzartzen dute hitzordua Arregirekin, eta beste batzuk egunean bertan agertzen dira odol emaileen lokalera, ordu eske. Itxaron gelan egon behar izaten dute emaileek beren txandaren zain, eta batzuek beren ordua iritsi bitartean, tarte hori erosketak egiteko ere aprobetxatzen dute.
Hitzorduak
Luis Arregik odola eman ohi duten azkoitiarren datu basea du, eta hitzordua baino egun batzuk lehenago deitu egiten die guztiei odol ateraldia noiz den gogorarazteko. Horrez gain, buzoietan ere uzten die emaileei hitzordua dutela dioen papera. COVID-19 gaitza dela-eta aldatu egin behar izan dute odol ateraldien modus operandi-a. Orain hitzordu guztiak telefonoz finkatzen ditu Arregik, eta emaile bakoitzari odola ematera bere orduan agertzeko eskatzen dio, lokalean jende pilaketarik egon ez dadin.
Azterketa
Emaile bakoitzaren ordua iristen denean, lehenik eta behin, erizainaren eta medikuaren postutik pasatzen dira. Erizainek tentsioa hartzen diete emaileei, eta horiek tentsio altuegia edo baxuegia badute, ez diete odola ematen uzten. Medikuek, berriz, hainbat galdera egiten dizkiete emaileei; adibidez, emaileek odolean burdin gutxi baldin badute, ez diete odola ematen uzten. Halako kasuetan, datozen hilabeteetan itzultzeko aholkatzen diete medikuek emaileei. Behin erizainaren eta medikuaren aurretik pasatuta, herritarrak odola ematera pasatzen dira alboko lokalera, eta han zenbait mediku izan ohi dituzte zain.
Lasai, zain
Behin odol ateraldia amaitutakoan, odol emaileek zain egon behar izaten dute gelan besoari eusten, zorabiatu ez daitezen. Pixka batean egon ondoren eta medikuek baimena emandakoan, beste gelara igarotzen dira.
Odola ateratzen
Medikuak litro erdi inguru odol ateratzen dio emaile bakoitzari, eta ondoren, odol hori kutxetan gorde eta ikertu egiten dute. Arregik dioenez, garai batean lurralde bakoitza arduratzen zen bere odol bankuaz. Orain, ordea, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako odol guztia Galdakaoko (Bizkaia) ospitalera eramaten dute, han baitago Euskadiko odol bankua.
Mokadutxoa
Etxera joan aurretik, odol emaileek boluntarioek prestatutako mokadutxoa egiteko aukera izaten dute; behin odola eman ostean, beharrezkoa izaten baita indarrak hartzea. Etxean egindako kafea, gazta irasagarrarekin, fruitu lehorrak eta txorizo nahiz urdaiazpiko pintxoak prestatzen dituzte, besteak beste, boluntarioek. Janaria prest izaten dute odol emaileek, eta guztientzat soberan egoten da. Areto horretan, gainera, odol emaileek boluntarioekin hitz egiteko aukera izaten dute. Emaileek, guztira, 40-45 minutu egiten dituzte odola emateko prozesu osoan.
Egin zaitez Maxixatzeneko bazkide!
Maxixatzeneko bazkide egin zaitezke urtean 25 euro ordainduta. Horrekin, herriko euskarazko proiektua hauspotuko duzu. Eguneko informazioa izango duzu sarean eskuragarri, eta Maxixatzen aldizkaria jasoko duzu hilero. Era berean, Maxixatzenen zozketetan parte hartzeko aukera ere izango duzu. Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.