Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak Azkoitian hondakinak kudeatzeko gunea eraikitzeko baimena ematea "larria eta onartezina" dela esan du Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak. "Lakuako Ingurumen Sailak ez du ezer ikasi Zaldibarren", azaldu du Oterok. Koalizoko kideak azaldu duenez, Zaldibarko ezbeharrak hondakinen kudeaketa eredua "ezinbestean aldatu beharra" dagoela azpimarratu du, "kontrol publikoa" eta "egiazkoa" bermatu ahal izateko.
Zaborren kudeaketa "esku pribatuetatik publikoetara" pasatu behar dela nabarmendu du legebiltzarkideak. "Zabortegiak esku pribatuetan uzteak kontrol falta dakar, eta hori oso garesti ordaindu dugu Zaldibarren. Han argi geratu da azpiegitura pribatu horietan kontrol publikoak ez direla nahikoa, eta Jaurlaritzak berak hala aitortu behar izan du", adierazi du EH Bilduko kideak. Azkoitian "akats" bera errepikatzea "ulertezina" dela adierazi du Oterok. Halaber, berria orain ezagutzea "larria" dela esan du, gizartea alarma egoeran eta Legebiltzarra deseginda dagoelako.
"Administrazioak urteetan sustatu duen hondakinen kudeaketa pribatua, low-cost eredua eta etekin pribatu azkarra helburu duena, ez da bateragarria esparru horretan ezinbestekoa den kontrol publiko zorrotzarekin”, azpimarratu du Oterok. EH Bilduko kideak gaineratu du, Zaldibarko ezbeharraren ondoren Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak kudeaketa eredu pribatu hori "agorturik ez ote dagoen" esan eta "gogoeta sakona" egin behar dela onartu zuela.
Hondakinen kudeaketa "jendearentzat funtsezko gaia dela agerian" gelditu dela baieztatu du Mikel Otero legebiltzarkideak. "Horrek eskatzen du horren inguruko planifikazioa, exekuzioa, kudeaketa eta kontrola publikoak izatea", gaineratu du. Arriolak Zaldibarko ezbeharraren ondoren esandakoak "gezurrezko malkoak" zirela azaldu du EH Bilduko kideak, eta hori Azkoitian beste gune pribatu bat irekitzeko baimena eman izanak "frogatzen" duela azpimarratu du.
EH Bilduk ohartarazi du Azkoitiko planta berrian hondakinen biltegi bat ere egongo dela. "Helburua hondakinen balorizazioa dela dioten arren, biltegi bat egongo da eta bertan lur kutsatuak, amiantoa barne, gordeko dira".