COVID-19 gaitzak hankaz gora jarri du dena. Koronabirusak erakutsi du ez dagoela gizakiaren kontrolpean mundua, eta gaitzaren hedapena gehiago saihesteko eta herritarren segurtasuna bermatzeko, larrialdi egoera ezarrita neurri bat hartu du Espainiako Gobernuak: konfinamendua. Goizetik gauera, oinarrizko eskubide bat galdu dute herritarrek: ezin dira etxetik atera. Horrek ekarri ditu, besteak beste, gertukoak ezin ikusia, aurrez aurreko eskolak ezin hartu izana, paseo bat ezin emana, aire librean kirola ezin egina eta, askoren kasuan, lanera ezin joana. Hona hemen hainbat azkoitiarrek egoerak:
Ane Illarramendi, Mendaroko ospitalean larrialdietako erizaina
"Koronabirusa etxera eraman ahal izateak kezkatzen nau gehien"
Erizaina izanda, nola bizi duzu koronabirusaren pandemia?
Hasieran, tentsioarekin eta ziurgabetasunarekin bizi izan genuen, kontua aldatu egiten zelako egunero. Gero, larrial-dietako antolaketa erabat aldatu zen, banatu egin zen. Era horretan, larrialdietatik sartzen diren gaixoak hobeto bereizita daude; hau da, koronabirusa eduki dezaketenak eta ez daukaten horiek ondo banatuta daude. Hainbat egunetan gaueko eta eguneko txanda aldaketa guztietan azalpenak ematen zizkiguten, protokoloa ere egun batetik bestera aldatu egiten zelako, eta denok dena ahalik eta ondoen betetzeko.
COVID-19 gaitza zabaltzen joan den neurrian, lanor-duak gehitu egin al zaizkizu?
Lanaldi murriztua eskatuta zeukan erizain baten tokia betetzeko ari nintzen lehen ni lanean. Koronabirusaren kontuarekin, baina, lanaldi murriztua daukagun guztioi lanaldi osoko kontratua egin digute.
Kutsatzeko arrisku horretan, osasun langileok lehen lerroan ari zarete lanean. Horrek kezka sortzen al dizu?
Ba bai. Nire kasuan, koronabirusa etxera eraman ahal izateak kezkatzen nau; eta uste dut kezka hori osasun langile gehienona dela. Nik erabaki dut erizaina izatea, non lan egin eta arrisku hau hartzea. Daukadan kezka handiena da nik nire inguruko jendea ere kutsatu dezakedala. Neure buruak baino gehiago inguru-koek kezkatzen naute, eta nik ez bezala, haiek ez dute aukeratu lehen lerroan jardutea.
Egiten al dizkizuete osasun langileoi COVID-19 gaitzaren probak lanera sartzerako?
Ondo bagaude ez, baina sintomak ditugun lehen unetik etxera bidaltzen gaituzte.
Egun hauetan, jendeak asko jotzen al du larrialdietara?
Egun hauetan, benetan behar duenean joaten da jendea larrialdietara; hori da antzeman duguna azken aste hauetan. Jendeak, orain, hiru edo bost aldiz pentsatzen du larrial-dietara joan aurretik. Pertsona horien aurrean ere neurri guztiak hartzen ditugu, ez kutsatzeko; aurreneko unetik jartzen zaie maskara bat. Dena segurua izateko neurriak hartzen dira eta alde horretatik lasai egon daitezke larrial-dietara doazenak. Dena den, ulertzen dut larrialdietara doazenak kezkatuta joatea.
Material aldetik gabeziarik ikusten al duzu lan egiten duzun ospitalean?
Materiala ez daukagu soberan larrialdietan, baina oraingoz, eta zorionez, ez dugu material faltarik izan. Gainbegiraleak beti adi ditugu, eta lanean gure segurtasuna guztiaren gainetik jartzen dute. Horrez gain, gu janzten edota babesten garenean ere pertsona bat edukitzen dugu begira, ondo egiten dugula ziurtatzeko.
Osasun langileon lana eskertzeko txaloa jotzera ateratzen da egunero jendea balkoietara.
Asko emozionatzen du esker on horrek. Gu beti gaude hor, osasungintzan lanean, baina une hauetan gure lana aitortzea asko eskertzen da. Dena den, ez gara bakarrak, jende asko ari da ehuneko ehun ematen larrialdi egoera honetatik irteteko. Ospitaleko lantaldean ere asko babesten dugu elkar, elkarri animoak ematen dizkiogu egunero. Hori ere asko eskertzen da, eta babes handia ematen du; askotan gogorra baita etxera nola iristen garen.
Oraindik egun batzuk egin beharko dituzte herritarrek etxean. Aurrera begira, zer esango zenuke?
Egoera egunero aldatzen ari da, eta aurrera begirako ezer esatera ez naiz ausartzen.Baina egoera honek gure bizitzetan eragina izango du, eta etxetik irteteko aukera izaten denean ere, denbora batean hainbat neurri hartu beharko dira, garbitasunean eta. Birus hau ez da txantxe-tan hartzekoa, eta jendea etxean egotera animatuko nuke. “Gure segurtasuna bermatzeko, muturreko neurriak hartzea da zuzenena”, esan ohi dute horrelako egoeretan.
Maite Uria, Tanzanian bizi den azkoitiarra
"Hemen baliabide falta handia dago"
Koronabirusa heldu da Afrikara ere. Zer nolako egoera bizi duzue Tanzanian?
Zanzibarren bi kasu izan ditugu momentuz [martxoak 26].
COVID-19a saihesteko neurririk iragarri al du gobernuak?
Aurrekoan entzun nuen aireportua eta ferryak itxi egin zituztela. Horren aurretik eskola guztiak ere itxi zituzten. Gainera, kanpotik etorritakoek hamalau eguneko berrogeial-dia egin behar dute, eta gobernuak herritar guztiei etxean gelditzeko deia egin die.
Nola ikusten dituzu Tanzaniako herritarrak egoera honen aurrean?
Nahiz eta gobernuak etxetik ez ateratzeko eskatu, bertakoek beraien bizitzarekin jarraitzen dute. Atzo hiriburura joan nintzen eta konturatu nintzen europarroi beldur digutela, korona deitzen digute. Beldur handia dago, baina etxean geldituz gero ez dute modurik dirurik irabazteko.
Airelinea batzuk ia hasi dira hegaldiak bertan behera uzten.
Turismotik bizi da Tanzania, eta dena galdu da. Ezin dugu kanpotarrik jaso, jatetxeak itxita daude, hotelak ere bai... Jende asko langabezian gelditu da. Egoera larria da.
Nola ikusten duzu Tanzaniako osasun sistema gaitz honi aurre egiteko?
Hemengo osasun sistema ez dago prest koronabirusari aurre egiteko. Ez dago material nahikorik, ezta medikurik eta garbitasunik ere. Gainera, jendeak ezin ditu ordaindu ospitaleko fakturak.
Sara Rodriguez, Herrixen merkatari elkarteko teknikaria
"Saltoki bakoitzaren egoera ikertzen ari gara"
Zein egoeratan utzi ditu COVID-19 gaitzak Azkoitiko merkatariak?
Panorama oso tristea utzi du herrian, eta merkatariak kezkatuta daude. Askok denda itxi behar izan dute, irekitzeko data zehatzik izan gabe. Gastuei aurre nola egin ez dakitela daude, eta horrek tentsioa eragin die. Lehendik ere garai estuak ziren merkatarientzat eta larrialdi egoerak ez die lagundu.
Hainbat dendak irekita jarraitzen dute. Zein egoeratan daude horiek?
Hasierako egunetan jendea barra-barra joan zen denda horietara, eta iritsi ezinda ibili dira. Hasieran desantolatuta ibili ziren, baina egunak pasatu ahala, hobeto ari dira lanean.
Beste denda askok ez dakite noiz ireki ahalko duten berriz.
Ez dakite ez noiz eta ez nola irekiko duten denda berriro, eta horrek kezka eragiten die. Dendak irekitzen hasten diren unetik ez da lehengo egoera berdina izango, segurtasun neurriak hartuta hasi beharko dute lanean. Erritmoa berriz hartu arte egunak igaroko dira.
Kezkatuta al daude merkata-riak alarma egoera dela eta?
Bai, merkatarien kezka da herritarrak ez ote diren gauzak sarean erostera ohituko.
Herrixenen zer egitea aurreikusten duzue egoera honen aurrean?
Saltoki bakoitzaren egoera ikertzen ari gara, banaka, eta gero datu horiekin erakundeetara joko dugu laguntza bila. Horrez gain, sentsibilizazio kanpaina bat jarriko dugu martxan eskualdeko merkatari elkarteok bat eginda.
Shahzaib Rafaqat, Batxilergoko bigarren mailako ikaslea
"Sekulako presioa sentitzen dugu, gure etorkizuna dagoelako jokoan"
Duela hiru aste eten zituzten aurrez aurreko eskolak. Nola ari zarete saioak hartzen?
Online jasotzen ditugu, egunean zazpi orduz, baina eskola horiek ezin dira konparatu aurrez aurrekoekin. Irakasgai batzuetan ikastea da kontua; baina beste batzuetan ezer ulertu gabe ari gara apunteak hartzen. Zalantza asko ditugu eta haiek argitzeko baliabide gutxi, ez baitaukagu eskola partikularretara joaterik ere.
Selektibitatea uztailera atzeratzea erabaki ona iruditu al zaizu?
Nik uste, egoera kontuan hartuta, Hezkuntza Sailak malguago jokatu beharko lukeela aurten. Egokiagoa litzateke lehen eta bigarren ebaluaketetan emandako gaiak bakarrik sartzea selektibitatean, horiek ondo landu ahal izan ditugulako.
Ondo prestatuta iritsiko zaretela uste duzu?
Egoera honetan zaila ikusten dut eta sekulako presioa sentitzen dugu, gure etorkizuna dagoelako jokoan.
Ikas bidaiara joaterik ere ez duzue izango...
Oraingoz, ez. Apirilaren 7an ginen joatekoak eta pena da, lan handia egin dugulako dirua biltzen. Ez dakigu bidaia beste noizbait egiterik izango dugun edo aurreratutako dirua itzuliko diguten; 660 euro jarri ditugu bakoitzak. Abokatuaren esku utzi dugu kontua.
Rakel Pavo, Gurutze Gorriko boluntarioa
"Erabiltzailearekin kontakturik ez dugu, baina bermatzen dugu haren beharrak asetuta gelditu direla"
Zertan zabiltzate azken asteetan?
Herrian osatu den elkartasunsarean parte hartzen ari gara. Etxean bakarrik bizi diren eta inguruan inor ez duten adinekoei laguntzen ari gara. Erosketak egiten dizkiegu, botikatik behar dutena eraman, butano bonbona etxera igo edota zaborra jaitsi.
Nola funtzionatzen du elkartasun sare horrek?
Udalak badauka laguntza behar duten herritarren zerrenda bat, eta Azkoitiko Gurutze Gorriko presidenteak, Aitor Errazuk, gutako bakoitzarengandik gertuen bizi diren erabiltzeen datuak pasatzen dizkigu. Horren helburua da denok ahalik eta gutxien mugitzea. Lehenengo zerbitzutik aurrera, erabiltzaileak eurak jartzen dira geurekin harremanetan.
Nola moldatzen zarete zerbitzu horiek egiteko?
Erabiltzaileak telefonoz deitzen digu zer behar duen esateko, eta bere etxeko atean uzten dizkigu zerrenda eta dirua. Guk erosketak edo dena delakoak egiten dizkiogu, bere etxerantz goazela esateko deitzen diogu eta behar duena atean uzten diogu. Erabiltzailearekin kontaktu zuzenik ez dugu izaten, baina bermatzen dugu haren beharrak asetuta gelditu direla.
Zenbat zerbitzu egitea egokitu zaizu?
Astean, batez beste, hiru bat zerbitzu egiten ditut.
Rita Exposito, fruta dendako saltzailea
"Gehiago saltzen ari gara, orain jendeak etxean jaten duelako"
Zertan aldatu da zuen egunerokoa?
Dendan salduko ditugun produktuak erosteko orduan nabaritu dugu alderik handiena. Astean lautan joaten gara MercaBilbaora, eta orain arte, erosi behar genituen salgaiak aurretik ikusi, ukitu eta probatu egiten genituen. Orain, ordea, telefonoz eta itsu-itsuan egin behar izaten ditugu erosketak. Gainera, ordu jakin batean joan behar izaten dugu merkantzia jasotzera.
Hornidura arazorik izan al duzue?
Ez, inportazioko produkturen batzuk falta dira, aireko garraioa murriztu dutelako, baina guk garaiko eta inguruan ekoitzitako produktuak saltzen ditugu.
Salmentetan nabaritu al duzue eraginik?
Bezero finkoak ditugu eta horiei eutsi diegu, baina gehiago saltzen ari gara, orain jendeak etxean jaten duelako. Zuen dendan ere hartuko zenituzten babes neurriak.
Nola erantzun dute bezeroek?
Ez dugu aldaketa handirik egin beharrik izan, lehendik ere saltzaileok bakarrik manipulatzen genituelako produktuak, eta hiru saltzaile egoten garenez, normalean ez da jende ilararik sortzen. Dena dela, jendeak azkar barneratu ditu arauak, eta bezeroen artean nabaria da tentsioa; hitz egiteko gogo gutxi dute eta lehenbailehen joaten dira etxera.
Arantxa Ulazia, baserritarra
"Udako barazkiak landatzeko sasoia da, baina landareak falta ditugu"
Koronabirusaren kontu honek baserritarrok zer garaitan harrapatu zaituzte?
Neguko uztako barazki dezente daukagu oraindik saltzeko. Horrez gain, orain udako uzta landatzeko garaia da. Okerrena da ez dakigula egoera hau noiz arte luzatuko den. Landarea ekartzeko dena geldirik dago, ezin da landarerik lortu. Ondorioz, udako uzta ohi baino beranduago etorriko da.
Beraz, landarea lortu ezin horrek eragin egiten dizue baserritarroi.
Landare gutxi batzuk lortzen ari gara. Tomatea, piperra eta baina landatzeko sasoia da orain, baina landarerik gabe ezin lana egin.
Nola merkaturatzen dituzue barazkiak?
Zuzeneko salmenta bidez saltzen ditugu produktuak, Azkoitiko eta Azpeitiko plazetan. Egoera normalean, Azkoitian egunero saldu ohi dut eta Azpeitian, astearteetan eta ostiraletan.
Eta orain nola moldatzen zara barazkiak merkaturatzeko?
Orain, Azkoitiko plazara egunero jaitsi beharrean, astean hirutan joaten naiz.
Plazako betiko bezeroengana nola iristen zarete?
Adinekoak-eta ez dira etortzen plazara, haien ordez senideren bat etortzen da barazkiak erostera. Bestela, guri deitu eta etxeraino eramaten dizkiegu: bebarruan uzten dizkiegu barazkiak eta handik jasotzen dituzte. Ahal den moduan konpondu behar!