Maiatzean egitekoak ziren lehen jaunartzeak urrira atzeratzea erabaki dute Azkoitiko Parrokian. Hain zuzen ere, datorren hilaren 24an eta 31n egin behar zituzten aurtengo lehen jaunartzeak, baina koronabirusaren krisiak eraginda, data horiek bertan behera utzi eta uda ondorenerako data berriak jarri behar izan dituzte. Horrela, lehen jaunartzeak urriko lehen bi igandeetan, 4an eta 11n, egingo dituzte. "Maiatzean ez gara egongo lehen jaunartze ospakizunak egiteko egoeran. Dirudienez, poliki-poliki aterako gara egoera honetatik eta jaunartze egunerako ere haurrak prestatu egin behar dute aurretik. Beraz, uda ondorengorako jarri ditugu data berriak. Era horretan, irailean haurrek jaunartzerako prestatzeko aukera izango dute, eta urrian egingo ditugu ospakizunak", azaldu du Felix Azurmendi Azkoitiko erretoreak.
70 haur inguruk egin behar dute aurten lehen jaunartzea Azkoitian, horien gurasoei jakinarazi dizkie Parrokiak data berriak.