Azken orduetako zurrumurruak baieztatu egin dira eta Espainiako Gobernuak hilaren 26a arte luzatuko du koronabirusa dela-eta ezarritako alarma egoeraren barruko herritarren konfinamendua. Pedro Sanchez presidenteak baieztatu egin du TVE Espainiako telebista publikoak eta El Pais egunkariak aurreratutakoa. Garrantzitsuena kutsatzeak murriztea dela esan du Sanchezek 15:00etan hasi duen agerraldian, eta kopuruaren egonkortzetik "gertu" dagoela Espainia, baina horretarako denbora behar dela. Hala, bi astez luzatu du lehendik ezarrita zuten alarma egoera.
Martxoaren 14an ezarri zuten alarma egoera hori eta, berarekin, konfinamendua. Orduan, hamabost egunerako ezarri zuten, martxoaren 29a arte. Lehen astea igarota, ordea, martxoaren 22an, jakin zen apirilaren 11 arte luzatuko zutela itxialdia. Gaurko erabakiarekin, beste bi aste erantsi dizkiote.
Gaur goizean zientifikoen aholku batzordearekin bilera egin ostean hartu du Espainiako Gobernuak alarma egoera eta konfinamendua beste hamabost egun luzatzeko erabakia. Kazetarien galderei erantzunez, konfinamendua gehiago luzatu beharko al duten ezin dutela aurreratu onartu du Sanchezek. Nabarmendu du, hori bai, konfinamendua altxatutakoan ere jarraitu egingo duela seguru aski alarma egoerak, horrekin ez delako bukatuko krisialdia. Umeak etxetik irteteko edo kirola egiteko aukerarik ez du aipatu Sanchezek, ezta maskaren erabileraren gaineko neurririk ere. Momentuz, konfinamenduaren baldintzetan berrikuntzarik ez du iragarri. Industriaren geldialdia, ordea, ez dute luzatuko; Aste Santuaren bukaerara arte ezarri zuten ezinbestekoak ez ziren aktibitateak eteteko neurria eta horri ez diote luzapenik emango.
Aurreratu du, hori bai, aktibitatera pixkanaka itzuliko dela gizartea, eta plan bat prestatzen ari direla "trantsizio" horretarako.