Aste honetako odol ateraldiak Elkargunean egingo dituzte

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 29a, 15:10

Aste honetan bi hitzordu izango dira: bihar eta asteazkenean izango dute herritarrek odola emateko aukera. Dena den, odola emateko aukera batzuek soilik izango dute. Horiei Azkoitiko Odol Emaileen Elkarteko kideek deitu eta hitzordu jakin bat emango diete.

Azkoitiko Odol Emaileen Elkarteak Elkargunean egingo ditu datozen odol ateraldiak; izan ere, udalak gune hori eskaini dio elkarteari COVID-19 gaitzaren alarma egoerak irauten duen bitarterako.

Aste honetan bitan izango da odola ateratzeko aukera: bihar, astelehena, eta asteazkenean. 17:00etatik 21:00etara izango da horretarako aukera, baina aurrez hitzordua hartutakoek soilik joan ahal izango dute Elkargunera.

Ezohiko lekuan ez ezik, ezohiko moduan egingo dituzte odol ateraldiak, jendea pilatzea saihesteko eta pertsonen arteko distantziak errespetatzeko. Horretarako, hitzordu zehatzak jarriko dizkiete herritarrei.

Luis Arregi elkarteko kideak azaldu duenez, normalean ehun bat lagunek parte hartzen dute ateraldi bakoitzean, eta horiek ez dute aurrez hitzordua hartu beharrik izaten. "Egorak aldaketak eginarazi dizkigu, eta horregatik, deitzen diegun herritarrek soilik joan beharko dute Elkargunera. Horiekin hitz egingo dugu noiz joan daitezkeen adosteko".

Odol Emaileen Elkarteko kideek Berdura Plazan dute lokala, eta han egiten dituzte ohiko odol ateraldiak. Dena den, prebentzio neurriak errazteko asmoz, udalak Elkarguneko areto bat utzi du elkarteko kideen eskuetan. "Egoera zaila da eta etenabe erabakiak hartzen ari gara. Kasu honetan, erabakiak izaera logistikoa du, eta hain garrantzitsua den odola ematen jarraitzea ahalbidetuko du. Laguntzeko gaude; ahal dugun guztia egiten ari gara", adierazi du Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak.

Apirileko hitzordua hilaren 20rako jarri dute, eta konfinamendu egoera ordurako etengo ez balitz, egun horretan ere Elkargunean egingo dute odol ateraldia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide