Orain dela lau urte joan zinen Tarragonara ikastera. Nolatan hara?
Batxilergoa bukatu, eta unibertsitateko hautaproba egin ondoren, ez nuen aukerarik izan EHUn Biokimika eta Biologia Molekularra karrera egiten hasteko. Orduan, aurretik pentsatuta neukan moduan, Tarragonara joan nintzen ikasketa horiek egitera.
Ikasle pisu batean bizi zara gaur egun.
Bai, hala da. Azken hiru urteetan ikasle pisu batean bizi naiz, beste hiru lagunekin batera. Tarragonan egin nuen aurreneko urtean, ikasleen egoitza batean egon nintzen; gaur egun pisukideak ditudan lagunak han ezagututakoak dira. Pisukideetako bi Errioxakoak dira, eta bestea Bartzelonakoa.
Koronabirusa tarteko ezarritako alerta egoerak Tarragonan harrapatu al zintuen?
Bai, hala da. Orain dela hilabete inguru iritsi nintzen Poloniatik Tarragonara, eta bete-betean harrapatu ninduen koronabirusaren kontuak. Ikasketak amaitzeko, praktikak eta gradu bukaerako lana egitea bakarrik gelditzen zait. Bizi dugun egoera honetan, baina, ezin ditut bukatu.
Orain nola ari zara unibertsitateko ikasketak jarraitzen.
Pisukideak online ari dira klaseak jasotzen, eta etxeko lanekin-eta jarraitzen dute. Nik, ordea, praktikak ezin ditut online egin. Izan ere, laborategi batean ari naiz horiek egiten, eta orain ezin dut praktikekin jarraitu.
Egoeraren eragina noiz hasi zinen antzematen?
Euskal Herrian eta Katalunian egun berean eten zituzten aurrez aurreko eskolak ikastetxeetan eta unibertsitateetan, eta orduan hasi zen dena. Gero, Espainiako presidenteak alarma egoera ezarri zuen, eta hemen ere denok etxean gaude ordutik. Egia esanda, Tarragonan oraingoz egoera ez da hain larria.
Alerta egoera ezarri zutenean, ez al zenuen Azkoitira etortzea pentsatu?
Asko pentsatu nuen Azkoitira joan ala ez, baina azkenean, Tarragonan gelditzea erabaki nuen. Mexikoko lagun bat etorri zen Tarragonara bisitan, eta hari ez zioten utzi Mexikora itzultzeko hegazkina hartzen. Ondorioz, nirekin gelditu da, eta biok gaude Tarragonan. Horrez gain, ez dute gomendatzen lurralde batetik bestera bidaiatzea.
Konfinamenduan nola daramazu egunerokoa?
Momentuz, ondo daramat etxean gelditzea. Dena den, ezin dut unibertsitateko lan asko egin. Egunero errutina bat dut, eta ari naiz gauzak egiten: kirol pixka bat, irakurri, Netflix-eko edukiak ikusi, txinera online ikasi, gradu bukaerako lana egin, postre sukaldaritza praktikatu...
Nola aurreikusten duzu ikasturtearen bukaera?
Berez, aurten bukatzen ditut Biokimika eta Biologia Molekularen ikasketak. Eta uste dut udako oporraldirik ez dudala izango, praktikak eta gradu bukaerako lana egiten ariko naizelako. Dena den, laster esango digute zer gertatuko den gure ikasturte bukaerarekin. Nik pentsatzen dudana gertatzen bada, ezingo dut Ameriketako Estatu Batuetara joan. Han kontratu bat sinatuta daukat kanpaleku batekin, baina nahiago dut praktikak egitea eta gradu bukaerako lana bukatzea, ikasketak amaituko ditudalako era horretan. Ikasketak amaitzea, gainera, uste dut AEBko egonaldia baino garrantzitsuagoa dela.