Udal instalazioak itxi dituzte, "koronabirusaren zabalkundea gelditzeko"

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 13a, 15:01

Goizean egin dute bilera. (Argazkia: Udala)

Herriko jolas-parkeak eta eraikin publikoak ixtea, eta eraikin horietan ematen diren zerbitzu publikoak bertan behera uztea erabaki du Azkoitiko Udalak gaur goizean egindako bileran. Agenda osatzen duten ikastaro, ikuskizun eta bestelakoak ere etenda geratu dira.

Osasunaren Munduko Erakundeak koronabirusa pandemia izendatu duenetik, neurriak areagotu egin dira, eta Azkoitiko Udalak 14:20 inguruan jakinarazi ditu gaur goizeko bileran erabakitako neurriak. "Guztion ardura da birusaren zabalkundea gelditzea eta kolektibo zaurgarrienak babestea", azaldu du udalak. Gaur bertan, Eusko Jaurlaritzak Larrialdietako kudeatzeko plana ezarri du.

Azkoitiko Udalak Jarraipen Mahaia osatu du gaur goizean, "datozen egunetan, asteetan edo hilabeteetan jarraipen, koordinazio eta komunikazio lanak burutzeko". Udal ordezkariek, departamendu buruek eta Bozeramaile Batzordeak bilera egin dute goizean, eta jolas-parkeak eta eraikin publikoak —udaletxea ez— ixtea, eta eraikin horietan ematen diren zerbitzu publikoak bertan behera uztea erabaki dute. Agenda osatzen duten ikastaro, ikuskizun eta bestelakoak ere eten egin dituzte.

Neurria gaur, ostirala, 15:00etan jarriko da indarrean eta "printzipioz" martxoaren 29ra arte luzatuko da, beti ere, "birusaren eboluzioaren arabera". Javier Zubizarreta alkateak azaldu duenaren arabera, "helburua da osasun komunitarioa babestea, batez ere adin nagusiko pertsonak, koronabirus kasuak areagotu ez daitezen eta osasun zerbitzu publikoek gainezka egin ez dezaten". Udal barrura begira ere hainbat erabaki hartu ditu udalak langilegoari begira, bai higiene eta babes mailan eta bai ordutegien malgutasunari begira, "kontziliazioa ahalbidetzeko".

Udalaren neurriak

Udalak gaur hartu ditu neurriak. Hainbat udal eraikin itxi dituzte eta zerbitzu publikorik ere ez dute emango. 15:00etatik aurrera jarriko dira indarrean neurriak. Elkargunea itxita egongo da; harrera egongo da bakarrik zabalik. Telefono zerbitzua martxan egongo da. Bizkargi musika eta dantza eskola, Elkargunean dauden musika taldeen gelak, Artxamendi Topalekua eta Abarketatxo Ludoketa ere itxi dituzte. 

Aizkibel Udal Liburutegia, Kultur Etxearen hirugarren solairua, Gaztanenea Hizkuntza Eskola, eta Baztartxo antzokia ere itxi dituzte. Kirol arloan, Gurea pilotalekua, Txerloia eta San Juan futbol zelaiak eta Txerloiako tenis pistak ere itxi dituzte. Umeen jolas parke guztiak zigilatzen aritu dira brigadako langileak eta Plaza Ondo jubilatuen elkartea ere itxita dago.

Udaletxea, zabalik

Udaletxea zabalik mantenduko dira herritarrentzat; Herritarren Arreta Bulegoa, Udaltzaingoa eta Gizarte Zerbitzuen saila irekita egongo dira. Gainerako departamenduetara sarrerarik ez dute izango herritarrek, nahiz eta langileak lanean aritu.

Udalaren gomendioa da "ahal diren izapide edo kontsulta guztiak telematikoki edo telefono bidez egitea" 943 08 00 80 telefonora deituz. Halaber, udaletxera joan behar dutenei udalaren jakinarazpenei kasu egiteko eskatu die udalak."Norbaitek derrigorrez udaletxera etorri behar badu kontutan hartu beharko ditu udalaren gomendioak; besteak beste, distantzia mantendu beharko da, eta banaka sartu", azaldu dute udaletik. 

Hainbat zerbitzu, martxan

Etxez etxeko laguntza zerbitzuak martxan jarraituko du. Udalak azaldu duenez, langileek badute "protokoloa" kasu bakoitzean "nola jokatu" jakiteko. Garraio publikoari dagokionez, Urbanue autobus zerbitzuak martxan jarraituko du; kendu egingo dute 08:45ean Bizenta Mogel eta Xabier Munibe Ikastolara eta Floreaga ikastetxera doan ibilbidea. Gainontzean, normaltasunez jarraituko du autobus zerbitzuak. Larunbateko eta Berdura Plazako azokak ere eutsi egingo dio bihar.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide