Oraingoz ez dute baieztatu koronabirus kasurik Azkoitian, baina urrun zirudiena gerturatu egin da, bai behintzat neurriei dagokienez: Arabako eskoletan hartutako erabakiari jarraituz, Gipuzkoako eta Bizkaiko ikastetxe guztiak ixtea edo aurrez aurreko jarduera etetea erabaki berri du Eusko Jaurlaritzak.
Azken erabakiak eragina izango du Azkoitiko eskoletan ere, guztiek ateak itxi beharko baitituzte. 13:00etarako deitu duen prentsaurrean eman ditu erabakiaren inguruko azalpenak Eusko Jaurlaritzak. Azaldu dutenez, etenaldiak 15 eguneko iraupena izango da eta bihar, martxoak 13, jarriko dute neurria indarrean. Horrenbestez, itxita izango dira bihartik aurrera Xabier Munibe Ikastola, Floreaga Ikastetxea, Azkoitia BHI eta Izarraitz Lanbide Heziketa, eta Hizkuntza Eskola ere bai.
Nolanahi ere, eskola-jardueraren aldi baterako etenaldia "etenalditzat ez" hartzeko eskatu du Jaurlaritzak. "Ahalegina egin behar dugu ikasleek egunero etxean ikasteko ohiturari eutsi diezaioten", azaldu dute. Modu ez-presentzialean lan egiten jarraitu ahal izateko, ikastetxeetako langileak beren ohiko ordutegian mententzea erabaki du Jaurlaritzak, eta irakasleek prestatu beharko dute material didaktikoa, gero ikasleen eskura jartzeko.
Horrez gain, Osasun Sailak gomendatu du, nahiz eta ikasleek "etxeko bizitza normala" egin dezaketen, "ahal den neurrian saihestu" egin behar dutela taldeko jarduerak egiten diren "esparru itxietan egotea". Era berean, osasun-agintarien "gomendioak betetzeko" eskatu dute, hartutako neurriek "birusa kontrolatzen" lagunduko dutela uste baitute.