Lehengoan, metroan nindoala, atzeko jarlekuko gazte biren elkarrizketaren azken hondarrak entzun nitinan: «Ez zagon onik gabeko gaitzik!», «Bai zera! Eta zer on ekarriko din coronavirus madarikatuak?», «Azken urteetan sarritan entzun dinagu ez dela pentsiorik izango guretzat, baina gaitzak pentsiodunen kopurua arintzen badin, akabo arazoa!». Nik ezin izan nionan barre txikiari eutsi, baina nire aldameneko edadeko gizona kopetilun samar jarri zunan. «Adierazpen askatasunaren eskubideak beste norbaiten oinarrizko eskubidea zapalduz gero...», esanez, lekutik altxa eta gazteen ate beretik jaitsi zunan.
Gazte horiek euren zilborrari begira mintzatu zitunan, eta, alde horretatik, arrazoia zinan iritziak eta zilborrak antzekoak direla esan zinanak: bakoitzak berea din, baina ez din askorako balio. Askotan, gainera, okerreko lekuan edo moduan erakusten dinagu, eta erakustaldiak kalte besterik ez zigun egiten. Horixe esanda, hementxe natorren, nire zilborra erakustera, hamabostero bezalaxe, sareetan ikusi dudan zilbor erakustaldi baten mina azaltzera.
Berria egunkarian argitaratutako iritzi artikulua. Irakurri osorik.