Eliz atariaren ondoan zegoen txurro dendak su hartu du. Hildakoak gizon-emakumeak dira, 23 eta 25 urtekoak. Hala baieztatu dio Ertzaintzak Maxixatzen.eus-i. 18:00 aldean piztu da sua, eta guztiz kiskali da saltokia. Sua itzaltzean, bi lagun aurkitu dituzte dendaren barruan.
Hildakoak Barakaldoko bizilagunak ziren. Azkoitiko Udalak Maxixatzen.eus-i jakinarazi dioenez, otsailaren 3an eskatu zuten txurro saltokia herrian jartzeko baimena. Azken lau bat urteetan, "gutxienez", jarri izan dute Azkoitian atzo suak hartu zuen txurro saltokia.
Suteak sekulako sugarrak eta kea sortu ditu. Ertzaintzak Maxixatzen.eus-i azaldutakoaren arabera, txurro-denda itxita zegoen sua piztu denean. Dena den, oraindik ez dakite sua nola piztu den. Lekukoen arabera, ordea, sua pizterako eztanda txiki bat izan da txurro dendaren barruan.
Azpeitiko suhiltzaileak, Ertzaintza, Larrialdi Zerbitzuak eta Azkoitiko Udaltzaingoa bertaratu dira ezbeharrera, eta ingurua babestu dute lehenik. Ertzaintzak azaldu duenez, txurro-denda ondoan hainbat butano bonbona zeuden eta horiek ingurutik kendu dituzte gerta zitezkeen "leherketak saihesteko". Halere, leherketa txiki batzuk izan dira sutea tarteko.
Hainbat babes neurri hartu dituzte sua itzali aurretik eta ondoren; adibidez, Ibaiondo kalea erabat itxi dute. Ertzaintza ezbeharra ikertzen ari da uneotan.