Edalontzi berrerabilgarriak Aita Mari erreskate ontzira bidali ditu Azkoitiko Udalak

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 27a, 12:45

Sonia Vazquez eta Nerea Machado. (Argazkia: Udala)

Herriko festetan erabiltzen diren edalontzi berrerabilgarriak bidali ditu Udalak Siziliako kostaldean dabilen Aita Mari erreskate ontzira.

Azkoitiko festetan erabiltzen diren edalontzi berrerabilgarriak Aita Mari erreskate ontzira bidaliko ditu Azkoitiko Udalak. Orain, Siziliako kostan (Italia) da erreskate ontzia, hain zuen ere Siracusako portuan, martxoko lehen egunetan urteko bigarren misioa egiteko zain.

Sonia Vazquez Kultura zinegotziak entregatu dizkio gaur edalontziak Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeko (GKE) kide den Nerea Machadori. Honek azaldu duenez, "oinarri-oinarrizko" materialarekin poltsak prestatzen ari dira migratzaileei erreskatutako lehen unean emateko. "Edalontziak poltsa horietan sartuko ditugu, migratzaile bakoitzak bere edalontzia izan dezan", azaldu du Machadok. Bere hitzetan, "inpotentzia egoera" bizi da mediterraneoan eta arazoak "gehitzen" doaz. “Koronabirusagatik, Mugarik Gabeko Medikuak duten Ocean Viking itsasontziak erreskatatutako migratzaileak koarentenan daude”.

"Orain arte jendeak gerraren ondorioz bere bizitza arriskuan ikusten zuelako ihes egiten bazuen, orain aldaketa klimatikoak eragindako migrazioak areagotzen ari dira. Manos Unidas-en azken kanpainaren leloak hala dio Planetaren aurkako tratu txarrak gehien sufritzen dituena ez zara zu. Herrialde txiroenak ari dira gehien sufritzen".

Aita Marik bere azken erreskatean 159 lagun erreskatatu zituen, eta une hauetan atzerritarrentzako zentro batean daude portu seguru batera ateratzeko agindua jaso zain. Aurreikuspenen arabera, martxoaren 5ean helduko dira tripulazioko kideak eta boluntarioak Aita Mari itsasontzira misio berri batera ateratzeko asmoz.

Une honetan mediterraneoan ez dago erreskate ontzirik. "Sea Watch Gobernuz Kanpoko Erakunde [GKE] alemaniarra Messinako portuan dago erreskatatutako migratzaileekin, eta Mugarik Gabeko Medikuak erakundearen Ocean Viking ontzia koarentenan dago Siziliako Pozzallo portuan koronabirusa dela-eta".

Laguntza ekonomikoa Chios irlara

Bitartean SMH Vialeko errefuxiatuen kanpamenduan lanean ari da, Greziako Kios irlan. Azkoitiko Udalak Itsas Salbamendu Humanitarioari emandako 7.053,49 euroko diru-laguntza hara bideratuko da. "Kanpamendua 1.085 lagunentzat da, eta oraintxe bertan 6.000 pertsonatik gora daude pilatuta. Osasun-langileak mediku lanetan ari dira eta erizainak boluntario dira; ospitala obretan erabiltzen den etxola moduko bat da. Bakoitza ahal duen moduan bizi da, batzuk kanpinean eta beste batzuk toldoekin edo olanekin muntatzen dute”

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide