Emakumeen Ahalduntze Ikastaroen baitan, menopausia garaian dauden emakumeen bizi-kalitatea hobetzera bideratutako tailerra antolatu du Azkoitiko Udalak. Virginia Belategik zuzenduko ditu formakuntza tailerrak; sei saio egingo dituzte guztira.
Tailerra martxoaren 4an hasiko da, eta asteazkenetan egingo dituzte saioak Elkargunean, 18:00etatik 20:30era. Praktika eta teoria uztartuko dituzte tailerrean, menopausia garaia ahalik eta ondoen bizitzeko orientabideak eta tresnak jorratuz. Tailerrean parte hartzeko izen-ematea zabalik da otsailaren 26a bitartean. Udaleko harrera bulegoan, 943-08 00 80 telefono zenbakira deituta edo berdintasuna@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzita eman daiteke izena tailerrean.
Belategiren hitzetan, "menopausia galera gisa agertzen zaigu, medikuntzaren eta kosmetikaren bidez “konpondu” behar duguna. Baina inork ez digu esan etapa honekin zer irabazten dugun, sistemaren interesekin borrokan baitaude: menopausiak aukera ematen digu gure barruak azaleratzeko eta gure beharrak aurkitzeko, eta gure izena, hizki argiz, gure lehentasunen zerrendan sartzeko”.