Astelehena, arratsaldeko zazpirak, Azpeitiko kiroldegia. 16 eta 18 urtez azpikoetan lehiatzen diren Azkoitia-Azpeitia Xeye atletismo taldeko lasterkari azkoitiarrek, azpeitiarrek eta zestoarrek entrenatzeko hitzordua dute, baita eskolartekoen mailan aritzen diren lauk ere. Pedro Muñoz korrikalari beteranoa dute gidaria.
Bukatu dute kroseko denboraldia, igandean Donostian asfalto gaineko Gimnastica Ulia jokatuta. Gustura daude gazteak azken probako emaitzekin; batzuk nabarmentzeko: mutiletan 16 urtez azpikoetan Oihan Aramendi azpeitiarrak hirugarren egin zuen, eta 18 urtez azpikoetan, Julen Azpiazu azpeitiarrak bigarren. Nesketan, laugarren egin zuten Maria Albizu zestoarrak (18 urtez azpikoa) eta Uxue Ortega azpeitiarrak (16 urtetik beherakoa).
Albizuk eta Ortegak Gipuzkoako Kros Txapelketan (lau kros hartzen dituzte kontuan) podiuma lortu zuten, beren mailan hirugarren eginda.
Lorpen gazi-gozoa
Euskadiko Kros Txapelketa, berriz, otsailaren 2an jokatu zuten Gernikan (Bizkaia). Taldeka hirugarren egin zuten Xeyeko neskek (Maria Albizu, Ainara Tena, Naiara Tena eta Sara Aranbarri) zein mutilek (Julen Azpiazu, Giramash Aizpurua, Ioritz Aramendi, Ibai Azpiazu eta Mikel Carrasco). Postu horri esker, Espainiako lehia jokatzeko aukera lortu zuten neskek. “Xeye talde apala da, eta ez genuen espero taldeka hirugarren egitea; azkenean, podiumean Gipuzkoako talde bakarra izan ginen, eta izugarrizko poza hartu genuen”, azaldu du Naiara Tenak.
Jarraitu irakurtzen, Urola Kostako Hitzaren webgunean.