Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren Emakume Pilotari Txapelketaren bigarren edizioko finala jokatuko du Eneritz Arrieta azkoitiarrak. Hain zuzen ere, lehen mailako lehiaren txapelaren bila jokatuko du Arrietak, Maddi Mendizabalekin bikotea osatuta. Ostiralean lortu zuten lehen mailako finalerako txartela, Alegian, Maider Mendizabali eta Alaitz Badiolari 22-19 irabazita.
Patri Espinar eta Nora Mendizabal izango dira Arrietaren eta Maddi Mendizabalen aurkariak finalean. Eguna eta ordua zehazteke, Zestoan jokatuko dituzte eskuz binakako txapelketaren bi finalak, datorren astean.