Bizkaiko Foru Aldundiak Arrolako (Arratzu, Bizkaia) aztarnategia islatzeko egin duen berreraikitze birtuala ezagutu asmoz bisita egin zuten atzo, osteguna, Azkoitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Sonia Vazquez eta Juan Bautista Mendizabal zinegotziak eta Jesus Arrizabalaga udal teknikaria izan ziren Arratzun. Arrolako herrixka berezi horretan bizi zen ekialdeko Kantauri aldeko biztanleria II. Burdin Aroko azken etapan eta erromatar garaiaren hasieran. Aztarnategian martxan jarritako lan teknikoak eta teknologikoak ezagutu zituzten.
Bizkaiko Foru Aldundiak sortu duen aplikazio baten bidez, Arrolako aztarnategia ikustera joaten diren bisitariek herrixka jatorrian nolakoa zen ezagutzeko aukera dute tablet gailu bidez. Errealitatea eta berreraikitze birtuala uztartzen dituzten teknikak erabili dituzte egitasmoa sortzeko. Horrez gain, egungo herrixka aireko bideoak eskaintzen dituzte, bai eta bertan bizi zirenen etxebizitza zahar baten berreraikitze errealaren 360 graduko argazkia ere.