Juaristi ISBk partida gogorra jokatu zuen atzo, igandea, Azkoitiko kiroldegian. Moron taldea izan zuen aurrez aurre, eta etxeko taldeak ezin izan zuen Andaluziakoa mendean hartu. Hain zuzen ere, 82 eta 89 bukatu zen partida protesta artean; izan ere, epaileak egindako lanarekin ez ziren ados agertu ISBko kideak. Lehen bi laurdenetan, alde pixka batekin, markagailuan atzetik izan zen ISB. Hirugarrenean lortu zuen Azkoitiko eta Azpeitiko taldeak Moronen zifrara gerturatzea: 59 eta 60 bukatu zen laurdena. Laugarren zatia ere orekatua izan zen; horren erakusle lau laurdenak bukatuta markagailua 77-77 gelditu izana. Luzapenean bost puntu batu zituen ISBk, eta hamabi Moronek: 82 eta 89 bukatu zen partida. Emaitza hori tarteko, sailkapeneko lehen postuari ez dio eutsi Juaristi ISBk; Ubu Tizonak aurre hartu dio.