Porrotarekin hasi du xakeko Gipuzkoako taldekako liga Anaitasuna Kakutek

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 12a, 10:47

Hiru partida galdu eta bat berdindu zituzten atzo azkoitiarrek Hondarribi-Marlaxka taldekoen kontra, Kultur Etxean. Bestetik, bihar hasiko dira Anai Xake Eskolaren doako xake ikastaro irekiak.

Atzo hasi zen xakeko Gipuzkoako taldekako liga, Kutxa Liga, eta lehen neurketa galdu egin du Anaitasuna Xake taldeak. Aurten Preferente mailan lehiatuko dira azkoitiarrak, eta estreinaldia ez da izan nahi bezain ona: hiru partida galduta eta bat berdinduta, 0,5-3,5 emaitzarekin nagusitu zitzaien Anaitasunakoei Hondarribi-Marlaxka taldea, Azkoitiko Kultur Etxean. Hector Sanchezek, Xabi Ruizek eta Juan Carlos Valorrek galdu egin zituzten beren partidak, eta Anibal Fernandezek lortu zuen azkoitiarrek pilatu ahal izan zuten puntu erdi bakarra.

Datorren zapatuan, Donostiako Anoetan jokatuko dute Anaitasuna Kakutekoek ligako bigarren jardunaldia, Gros C taldearen kontra.

Anai Xake Eskola

Lehiaketak alde batera utzita, bihar hasiko dute Anai Xake Eskolaren ikasturte berria. Astelehenetan eta asteazkenetan, 17:00etatik aurrera, xakean jokatzen ikastea edota beren maila hobetzea nahi dutenek horretarako aukera izango dute Kultur Etxean, Carlos Sanchezen eskutik.

Xake eskolak doakoak dira eta ez dago izen-emate eperik.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide