Hurrengo zapatuan, urtarrilak 11, Goma gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketa hasiko da Azkoitian. 17:00etatik aurrera jokatuko dute txapelketaren lehen jardunaldia, Gurea pilotalekuan. Gizonezkoak 680 kilotan lehiatuko dira; modalitate horretan txapelketa guztian jokatuko duten jardunaldi bakarra izango da Azkoitikoa. Emakumezkoak, bestalde, 540 kilotan arituko dira. Guztira hiru jardunaldi jokatuko dituzte pisu horrekin txapelketan zehar.
Ibarra, Beti-Gazte, Txantrea, Badaiotz eta Gaztedi taldeak arituko dira emakumezkoetan, eta guztiek guztien aurka jokatuko dute. Gizonezkoetan zortzi talde lehiatuko dira, eta horiek guztiek ere elkarren aurka jokatu beharko dute. Ibarra, Beti-Gazte, Goiherri, Zuraide A, Zuraide B, 6 Conceyos, Abadiño eta Murueta taldeak Gurea pilotalekuan izango dira.