Bihar, urtarrilak 4, K-baret zuzeneko kontzertu akustikoa eskainiko dute antzerki musikaleko partaide batzuk. Elkargunean izango da emanaldia, 18:00etatik aurrera. Maite Alberdi, Eneritz Aulestia, Jone Larrañaga, Aitor Leon, Andrea Pozo eta Nora Unanue abeslariek parte hartuko dute kontzertuan. Emanaldia ikusteko sarrera doakoa da.
Hamaika abesti eskainiko dute kontzertuan, euren hitzetan "emanaldi goxoa, gertukoa eta berezia" egiteko. Bigoterik Gabea antzerki taldearen proiektua da K-baret. Taldeak hamar urte beteko ditu aurten, eta horren harira hainbat ekintza antolatzeko asmoa dutela azaldu dute.
"Antzerki taldeak sorreratik helburu izan du herritarren artean antzerkiarekiko eta kulturarekiko grina eta afizioa sustatzea; aurten ere horretan saiatuko gara", azaldu dute antzerki taldeko kideek. Egun hauetan, Gazte Asteari lotuta, antzerki eta dantza eskolak emango dituzte gaztetxoentzat, Elkargunean. Taldearen asmoa da gazteak "antzerki mundura gerturatzea" eta kultur sortzaile izateko "gaitasunak garatzea".