Azken unera arte borrokatuta. Modu horretan lortu zuen Juaristi ISBk saskibaloiko Zilarrezko LEB Mailako Kopako txapeldunaren titulua. Beste garaipen handi bat ISBren historiarako, eta eskuratutako aurreneko titulua.
Azpeitiko kiroldegian jokatu zen atzo, abenduak 28, Espainiako Zilarrezko LEB Mailako Kopako finala, 19:00etan hasita. Kiroldegiko armailak jendez goraino bete ziren finalean, eta partidak iraun zuen bitartean jai giroa izan zen nagusi. Dena den, azken laurdenean lehertu zen festa. Izan ere, partida guztian zehar Girona joan zen aurretik markagailuan, baina ISBko mutilek aurrea hartu zioten azken minutuetan. Tentsioak tentsio, etxekoek ondo baino hobeto egin zituzten defentsa eta eraso lanak azken unera arte, eta horrela lortu zuten markagailuari eustea. Aurreikuspen guztien gainetik, Juaristi ISBk 74-69 irabazi zion Gironari.