Olentzerok eta Mari Domingik prest dituzte dagoeneko haur eta gaztetxoentzako opariak, baina Gabon gauaren atarian bihar, asteartea, Azkoitian izango dira biak alak biak herriko haurren azken eskariak jasotzen. Lehenik eta behin, jaiotza eramangarrien lehiaketa egingo dute Kontzejupean, eta ondoren, Gabon eskean aterako dira hainbat haur eta guraso ludotekatik. Eguerdi aldera iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi eliz atarira, eta bertan izango dute azkoitiarrek beren oparien eskutitzak Olentzerori entregatzeko abagunea. Horren ostean, Udal Musika Bandak eta Iraurgi abesbatzak kontzertua eskainiko dute Kontzejupean.
San Jose egoitzara, opariak
Herriko haur eta gaztetxoez gain, San Jose egoitzako egoiliarrek ere hainbat opari jasotzeko aukera izango dute biharko egunez udal ordezkarien partetik. Izan ere, urtero legez Javier Zubizarreta alkatea eta Udaleko beste zenbait kide egoitzara joango dira opariak banatzera.