Juaristi ISBk abenduaren 28an Azpeitiko kiroldegian jokatuko du Zilarrezko LEB Ligako Kopako finala. Partida bakarrera jokatuko dute kopa, eta norgehiagokarako sarrerak igandera bitartean eskuratuko ahalko. Gaur eta bihar, ostirala, 18:00etatik 20:00etara Azpeitiko kiroldegiko leihatilan jarriko dituzte saltzen sarrerak aurrez erosi nahi dituztenentzat. Asteburuan, berriz, Añares ISBk eta Juaristi ISBk Azkoitiko Elkargunean jokatuko dituzten partidetan ere egongo da aukera erosteko.
Iraurgi saskibaloi elkarteko bazkideek hiruna sarrera eskuratzeko aukera izango dute, bakoitza bost euro ordainduta. Gainontzekoek hamabost euro ordaindu beharko dute sarrera bakoitza. 5 urtetik 18 urtera bitarteko gazteek, bestalde, bost eurotan eskuratu ahalko dute.
Gironaren aurka finala
Juaristi ISBk eta Gironak jokatuko dute Kopako partida abenduaren 28an Azpeitiko kiroldegian, 19:00etan hasita. Kopako partidaren bueltan, egun osorako egitaraua prestatuko du ISBk. Goizean, saskibaloi jolasak jarriko dituzte Azpeitiko plazan, eta Iraurgiren teknifikazio eskoletan dabiltzan 300 haur ariko dira jolasean. Horientzako txokolate-jana ere antolatzekoak dira.
Talde nagusiak, Azkoitian
Asteburuan, Azkoitian jokatuko dute ISBko bi talde nagusiek. Añares Rioja ISBk zapatuan 18:00etan jokatuko du, Elkargunean, Pacisa Alcobendas taldearen aurka. Igandean, berriz, Juaristi ISBren txanda izango da. Bierza Fitness Dentomedic CDP taldearen aurka jokatuko dute Azkoitiko kiroldegian, 18:00etan.