Datorren astelehenean, abenduak 23, 19:00etan zabalduko dute Gabonetarako Azkoitiko parrokiak prestatu duen Jaiotza. Katekesiko haurrak eta familiak bertan izango dira, eta inaugurazio ekitaldian parrokiako abesbatzak hainbat abesti eskainiko du.
Ondoren, Aita Mari erreskate itsasontziko partaidea izan den Iñigo Gutierrezek Azkoitiko herritarrek Salvamento Maritimo Humanitario (SMH) taldearekin izan duten parte hartzea eskertuko du. Azkoitiarrek emandako ikurrin bat itzuliko du parrokian bertan egingo duten ekintza sinbolikoan. Parrokiako taldeak azaldu duenez, aurtengo Gabonetako postalak lotura izango du ekintza horrekin.
Ordutegia
Jaiotza ikusgai izango da astelehenean 19:00etatik aurrera. Astean zehar 09:00etatik 12:30era eta 16:30etik 19:30etara zabalduko dute. Jai egun eta asteburuetan, berriz, 09:00etatik 12:30era egongo da irekita parrokia. Otsailaren lehen egunetara arte egongo da ikusgai Jaiotza, parrokian.