'3.a ezkerreta' eta 'Txantxangorri axkottiarrak' taldeek irabazi dituzte VI. Orbel Jokuek. Seigarren edizio honetako finalean probak aldatu dituzte antolatzaileek, finalak dinamikoagoak eta azkarragoak egiteko helburuarekin. Halaber, helduen eta gaztetxoen finalak bereizita egin dituzte lehendabizikoz. Maite Alberdi eta Xabier Barquero aritu dira beste urte batez jokoak aurkezten.
Helduen finalarekin hasi da aurtengo saioa. 'Elkue', '3.a ezkerreta' eta 'Antxintxikalaixek' taldeen artean izan da lehia. Lehen proban, burua, bihotza eta begia hitzak emanda hainbat esaldi eta galdera osatu eta asmatu behar izan dute parte hartzaileek. Bigarren proban, berriz, argazkietan soberan edota falta zirenak nor ziren asmatu behar izan dituzte. Hirugarren eta azken proban, azkenik, bat, bi, hiru eta lau puntuko galderak hautatu eta horiek asmatu behar izan dituzte taldeek; batzuetan asmatu ez, eta, gainera, hurrengo taldeak aurreko taldearen errebotea jaso du kasu bat baino gehiagotan. '3.a ezkerreta' taldeak irabazi ditu Herrixen elkarteko dendetan gastatzeko 300 euro, Berria egunkariaren edota Argia astekariaren urtebeteko harpidetza eta afaria Joseba jatetxean. 'Antxintxikalaixek' taldeak afaria lortu du Iturri jatetxean, eta 'Elkue' taldeak afaria irabazi du Laja jatetxean.
Gaztetxoen finala jokatu dute gero. Lehen proban, Azkoitiko historiari buruzko hainbat galdera luzatu dizkiete aurkezleek parte hartzaile gazteei. Bigarren proban, bestalde, hitzak emanda herriko euskalkian nola esaten den edota sinonimoa nola den asmatu behar izan dute orri bat beteta. 'Lokomuxe', 'Ezdakiat' eta 'Txantxangorri axkottiarrak' lehiatu dira gaztetxoen finalean, eta 'Txantxangorri axkottiarrak' taldeak irabazi du sari nagusia. Suharri pizzerian gastatzeko 60 euro, Peio Reparaz Zetak taldeko abeslariak sinatutako diskoa eta Iñigo Antsorregi idazle azkoitiarrak idatzitako eta sinatutako Katu liburua irabazi dituzte. Beste bi taldeek, berriz, Peio Reparaz Zetak taldeko abeslariak sinatutako diskoa eta Iñigo Antsorregi idazle azkoitiarrak idatzitako eta sinatutako Katu liburua eskuratu dituzte.
Berrikuntza moduan, publikoak lehian parte hartzeko aukera izan du. Azkoitiko hitzei buruz galdetu zaie, eta bi irabazlek Zetak taldearen kamiseta bana irabazi dute. Finalak ikustera joan direnen artean, berriz, zozketak egin dira, eta irabazleek liburuak irabazi dituzte.