Abenduaren 20an, ostirala, izango da Eusebio Eizmendi Txapel bertsolari zenaren oroimenezko bertso saioa. Azpeitiko Soreasu antzokian izango da saioa 22:00etan hasita, eta kantuan ariko diren sei bertsolarietatik bost zehaztu ditu dagoeneko Erniarraitz bertsozale elkarteak. Hain zuzen ere, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal, Aitor Sarriegi eta Oier Etxeberria dira zehaztuta dituzten bertsolarien izenak, eta seigarrena zapatuko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalaren irabazlea izango da. Beraz, ikusteko dago Agin Laburu, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Oihana Iguaran, Jon Maia, Ane Labaka, Beñat Lizaso edo Nerea Elustondo izango den Soreasun. Gai-jartzaile lanetan Iker Iriarte ariko da.
Sarrerak eskuragai
Saiorako sarrerak salgai jarri dituzte dagoeneko. Azkoitian Zurt tabernan jarri dituzte saltzen, baina herritik kanpo Azpeitiko Sanagustin kulturgunean nahiz Orkatz tabernan eta Zestoako Portale kulturgunean erosi ahal izango dira sarrerak. Aurrez zortzi euro ordaindu beharko da sarrera, eta egunean bertan hamar euro. Saioaren egunean Soreasu antzokiko leihatilan jarriko dituzte sarrerak eskuragarri.