Atzerrian duen kontzentrazio bat tarteko, Mikel Landak hilaren 12an Elkargunean eman behar zuen hitzaldia bertan behera gelditu da. Txirrindulari arabarraren ordez, Olatz Legarza Basque Team taldeko koordinatzailea eta Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendaria arituko dira solasean 18:30etik aurrera, Elkarguneko Oteiza aretoan. Gazte Geroak antolatutako hitzaldi zikloaren barruan eskainiko dute bi hizlariek solasaldia, eta Euskal Kirolariak Tokyo 2020ra begira lelopean, Basque Teamen lana azalduko dute.
2007. urtean sortu zuten Basque Team fundazioa, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Irrati Telebistak. Fundazioaren helburua da profesionala ez den goi mailako eta goi errendimenduko euskal kirola sustatzea Nazioarteko Batzorde Olinpiarrak onartutako modalitate guztietan. Lankidetza publiko-pribatuaren bitartez, kirolariei behar dituzten baliabideak eta laguntzak emateko helburuz sortu zuten egitasmoa, eta hain zuzen ere, fundazioa egiten ari den lanaz hitz egingo dute Legarzak eta Redondok ostegunean.
Basque Team Fundazioak pasa den martxoan ekin zion datorren urtean Tokion egingo diren Olinpiar Jokoen bideari, eta abesti eta bideoklip propioa aurkeztu zituen orduan. Abestiak, hain justu, euskal kulturaz eta nazioarteko txapelketetan kirolariek eta gizarteak sentitu behar duten "batasunaz" hitz egiten du.