Bihar, osteguna, zabalduko ditu ateak euskal kulturaren erakusleiho garrantzitsu bilakatu den Durangoko Azokak. Aurtengoa, egitasmoaren 54. edizioa izango da, eta bihartik igandera bitartean euskal kultur adierazpideen topaleku izango da Durangoko Landako gunea. Lau egunez lanak aurkeztuko dituzte sortzaileek azokako hainbat gunetan, hala nola Areto Nagusian, Ahotsenean, Irudienean, Kabi@n, Plateruenan, Saguganbaran eta Szenatokian.
Gune horietan urtean zehar egindako lanen aurkezpenak-eta egingo dituzte, besteak beste zinemagileek, musikariek nahiz idazleek, eta azkoitiarrak ere protagonista izango dira; izan ere, aurkezpen bat baino gehiago egingo dute herritarrek azokan. Hain zuzen ere, Felipe Juaristik joan zen astean kaleratutako Erbesteko elurra eleberria aurkeztuko du bihar; etzi, berriz, Izibene Oñederra zinemagileak Lursaguak animaziozko film laburra estreinatuko du; zapatuan, Angela Benitez aktore den Pikuak webserieak aurkeztuko dute, eta ETB1ek hilaren 15ean estreinatuko duen Ihesaldia telesailaren berri emango dute. Hain zuzen ere, hango protagonista da Iñigo Aranbarri azkoitiarra. Ro musika taldeak, bere aldetik, bi single aurkeztuko ditu egun horretan.
- 14:00. Ahotsenea Solasaldien barruan, Felipe Juaristik Erbesteko elurra aurkeztuko du.
- 17:00. Izebene Oñederrak Lursaguak animaziozko film laburra estreinatuko du Irudienean.
- 17:45. Irudienean aurkeztuko dute Pikuak webseriea. Angela Benitez azkoitiarra da aktoreetako bat.
- 19:00. Irudienean aurkeztuko dute Ihesaldia telesaila. Iñigo Aranbarri azkoitiarra da aktoreetako bat.
- 19:00. Azkoitiko eta Azpeitiko Ro musika taldeak Ekhitzaltze eta Tenk! singleak aurkeztuko ditu Ahotsenean.