Euskararen normalizazioaren alde egindako lana dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak banatzen duen Anton Abbadia saria jaso du Arantxa Urretabizkaia idazleak, eta Udane Juaristi azkoitiarrak egin du Urretabizkaiarentzako oroigarria. Atzo, astelehena, izan zen sari banaketa ekitaldia aldundiaren egoitza nagusian, eta bertan jaso zuen Urretabizkaiak Juaristik egindako koadroa.
Anton Abbadia saria 1996an sortu zuen aldundiak, euskararen normalkuntzaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko. Urtero Gipuzkoako artista gazte batek egin ohi du lan hori, eta aurten aldundiak Juaristiri eskatu dio oroigarria egiteko.