Bihar arratsaldean erabakiko dute Korrontzi eta Oinkari taldeen emanaldia non egingo duten. Herriko plazan 21:30ean hastea dago aurreikusita, baina euriagatik baliteke Baztartxo antzokira lekualdatzea. Emanaldia ikusteko sarrera doakoa izango da nola herriko plazan, hala Baztartxo antzokian.
Korrontzi folk taldeak azaldu duenez, aintzinako doinuetan oinarritutako Euskal Herriko folk musikari "gaurkotasuna erantsi" nahi zioten, baina "beti trikitixaren esparrua oinarri hartuta". Musikaz haratago joan eta ikuskizuna eskaini nahian, Oinkari dantza taldearekin batu eta Korrontzi&Oinkari proiektua abiatu zuten. Korrontzi taldearen trikiti doinuei dantza jarriko dio Oinkari dantza taldeak, "tradizioari eutsiz, gaur egunera moldatutako koreografiak dantzatuko ditu, taula gainean uztarketa perfektua nagusituz", azaldu dute proiektuko kideek.