'Pirinioen magalean' ikuskizuna izango da ikusgai zapatuan, Baztartxon

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 18a, 09:36

Sahatsa dantza taldeko kideak. (Sahatsa)

Datorren zapatuan, hilak 23, 'Pirinioen magalean' ikuskizuna eskainiko dute Azkoitiko musika bandak, Iraurgi abesbatzak eta Sahatsa dantza taldeak. 18:00etan hasiko da emanaldia, Baztartxon.

Euskal Herriko hainbat txokotako istorioak taularatuko dituzte Azkoitiko musika bandak, Iraurgi abesbatzak eta Sahatsa dantza taldeak datorren zapatuan, hilak 23, Baztartxon. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, herritarrei "jakin-mina" sortuko dien ikuskizuna izango da zapatukoa. 

Pirinioen magalean izenburupean, Pirinioen "bi aldeetako magaletan" eta "hainbat ibarretan barrena" ibiliko dira ikuskizunean antolatzaileek adierazi dutenez: "Erronkari eta Zaraitzu aldeko ibar hotzetan hasiaz, Ttuttun airea duten jotak ikusi eta entzungo ditugu, Julian Gaiarreri abestu, eta Otsagabian dantza egingo dugu". Ondoren, mendebalderantz jarraituko dute taldeek, eta Bortzirietan egingo dute geldialdia ikuskizunean: "Mendebaldera bidean eta Etxalarko elezaharra berpiztuz, Bizeten lan adierazgarrienetako bat gogoraraziko dugu, eta Bidasoako Bortziriak igaroaz, Berari, Lesakari eta Arantzari dantza egingo diegu", azaldu dute ikuskizuneko kideek. Horren ostean, Irunen Luis Mariano omenduko dute eta Lapurdiko eta Zuberoako istorioak antzeztuz borobilduko dute saioa emanaldian parte hartuko duten hiru taldeek.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide