Eraikinen Ikuskaritza Teknikoaren araudia betetzeko eskatu du Udalak

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 13a, 10:27

Azkoitiko Udalak Eraikinen Ikuskaritza Teknikoaren araua betetzeko beharra dagoela gogorarazi du.

Etxebizitza erabilera duten 50 urtetik gorako eraikinek Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa (EIT) egin beharra daukate etxearen kontserbazio egoera aztertzeko. Ondoren, antzemandako gabeziak konpondu edo birgaitze lanak burutu behar dituzte etxejabeek, eta azkenik, konponketak egin direla egiaztatzen duen txostena erregistratu behar dute. Horren aurrean, Udalak EITren inguruko araudiaren betebeharra gogorarazi die etxejabeei, arau-hausteak isunei aurre egitea dakarrelako.

Horregatik, Udalak 2018an ikuskaritza egitea tokatu arren, oraindik egin ez duten etxejabeei eta ikuskaritza egin arren, egin beharreko konponketak burutu direla egiaztatzen duen dokumentua erregistratu ez dutenei, jakinarazpenak bidali dizkie, hainbat kasutan amaituta baitaude konponketak egiteko legeak zehazten dituen epeak. Izan ere, behin ikuskaritza eginda, udaletxean entregatu behar da informea, Udalak Eusko Jaurlaritzari igortzeko. Udalak etxejabeei eskatu die Hirigintza sailarekin harremanetan jartzeko edozein zalantza argitzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide