Sidenorreko presidenteak baztertu egin du Azkoitiko lantegiaren itxiera

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 11a, 17:07

Sidenor lantegiaren Azkoitiko egoitza.

Jose Antonio Jainaga Sidenor lantegiko presidenteak gaur, azaroak 11, eman duen prentsaurreko batean azaldu du enpresak ez duela "inolako asmorik" Azkoitiko lantegia ixteko.

Sidenorrek Reinosan (Kantabria, Espainia) duen lantegiaren %75a NFL sozietateari saldu dio, eta horren harira Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak azaldu du ez dutela "Azkoitiko lantegia ixteko planik". Europa Press agentziaren arabera, Reinosako lantegia NFLri saldu dio Sidenorrek, baina sei urtez jarraituko du bere bazkide izaten.

Azkoitiko altzairu xaflen ekoizpen lantegian murrizketarik egitea espero al duten galdetuta, Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak baztertu egin du Azkoitiko lantegiaren itxiera, eta baieztatu du ez dutela hura ixteko "inolako planik" ez eta Azkoitiko lantegia garatzeko "makroplanik". Sidenorreko presidenteak, ordea, ohartarazpena egin du: Enplegu Erregulazioko Espedientearen (EEE) bidez aldi baterako itxiera mahai gainean jarriko dute, Azkoitiko eta Reinosako laminazio trenen ekoizpena aurreikusitakoaren erdira iristen ez bada.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide